Baratza Aretoak tokiko talentuaren uzta bilduko du asteburu honetan

Erredakzioa 2022ko ots. 15a, 10:01

Lidia de Lorenzoren 'Flamenko gaua' ikuskizunak abiatuko du zikloa. / BARATZA ARETOA

Otsailaren 18tik 20ra bitartean, Beste bat... bertoko zikloa antolatu du Baratza Aretoak. Asteburuan zehar, lau ikusizun eskainiko dituzte: Flamenko gaua dantza ikuskizuna eta Mi tercer acto, Oilo ama eta Gizaunka antzezlanak.

Baratzeko motorrak berotzen hasten den hilabetea da otsaila. Metafora horretatik tiraka, Baratza Aretoak Beste bat... bertoko egitarauarekin ekingo dio urte berriari: "Tokiko talentua, barreak, musika eta zalaparta handia" egongo direla agindu dute. Gainera, aretoaren "hurbileko jende ugarik osatutako asteburua" izango da, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren, Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin.

Lehen hitzordua ostiralean, otsailaren 18an, izango da, nobedade batekin: Flamenko gaua, Lidia de Lorenzoren ikuskizuna. Musikaz, dantzaz eta zalapartaz beteriko gaua izango da, euskal kutsuarekin.

 

Zikloarekin jarraitzeko, otsailaren 19an, larunbatean, Eguzki Zubiaren Mi tercer acto antzezlanak hartuko du lekukoa. Aktore baten heldutasunaz lehen pertsonan hitz egiten duen lana da. Aldarrikapen horrek agerian uzten du aktoreak jardunean jarraitzeko duen odisea, eta emakumeak, adinekoa eta artista izateagatik, bizi duen gainbehera profesionala.

Azkenik, igandean, otsailaren 20an, Gasteizko bi konpainiak itxiko dute programazioa: Pez Limboren Oilo ama eta El Mono Habitadoren Gizaunka izango dira oholtza gainean.

Sarrerak webgunean

Ostiraleko eta larunbateko emanaldiak 20:00etan izango dira, eta igandekoa 19:00etan. Sarrerak zein ikuskizunei buruzko informazio guztia, beti bezala, www.salabaratza.com webgunean daude eskuragarri.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago