Profesionalak ez diren Gasteizko talde eta artisten lanak taularatzea helburu duen Auzo Eszena arte eszenikoen programak negu-udaberriko denboraldia aurkeztu du, 11. edizioaren deialdi publikoan aurkeztutako proposamenekin. "Eskainitako ikuskizun guztietan segurtasuna bermatuko dugu", azpimarratu du Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.
Otsailaren 20tik maiatzaren 22ra bitartean, tokiko bederatzi konpainiak beren ikuskizunak aurkeztuko dituzte hiriko hainbat gizarte etxetan. Ikuskizun guztiak igandeetan 19:00etan izango dira, Arana, Aldabe, Ariznabarra, Arriaga, Ibaiondo, Salburua eta Zabalganeko gizarte etxeetako ekitaldi aretoetan.
Jone Bengoa Vicenteren Kabia izango da euskarazko ikuskizun bakarra, martxoaren 6an Aldabe gizarte etxean: "Nola aldatu da bizitza azken 60 urteotan? Iragan hurbila urrundu egin al zaigu? Inguruko emakumeen ahotsak entzungo bagenitu, zer kontatuko ligukete?", dio antzezlanaren sinopsiak. 45 minutuko ikuskizuna 14 urtetik gorako ikusleei zuzenduta dago.
Egitaraua
Besteak beste, gazte zein helduei zuzendutako antzerkia, magia, bakarrizketak eta musikalak izango dira. Horien artean, Covid-19a dela eta bertan behera geratutako programaziotik berreskuratutako zenbait ikuskizun daude:
- Otsailak 20. Umorezko bakarrizketa: Soy un fraude, Ciro Diroren eskutik, Araneko gizarte etxean.
- Martxoak 6. Antzerkia: Kabia, Jone Bengoa Vicenteren eskutik, Aldabe gizarte etxean.
- Martxoak 13. Magia eta mentalismoa: Txirriski mirriski, Mago Goyoren eskutik, Arriaga gizarte etxean.
- Martxoak 27. Olerki treatalizatua: Decidme cómo es el árbol, Club de los poetas rojos taldearen eskutik, Salburuko gizarte etxean.
- Apirilak 3. Antzerkia: Morir...o no morir, Teatracho taldearen eskutik, Salburuko gizarte etxean.
- Apirilak 10. Gizarteko zirkoa: Biok batera, Azirkarte eta Arai dantzaren eskutik, Ibaiondo gizarte etxean.
- Maiatzak 8. Antzerkia: El lobo, el funambulista y el bosque encantado, Auskalhopen eskutik, Aldabe gizarte etxean.
- Maiatzak 15. Antzerkia: Atraco a las 9, Ipazapiren eskutik, Zabalganeko gizarte etxean.
- Maiatzak 22. Antzerkia: El asesino, Juanjo Monagoren eskutik, Ariznabarreko gizarte etxean.
Ikuskizun guztietarako sarrerak otsailaren 9an jarriko dira salgai, aurrez aurre —gizarte etxe eta kirol instalazioetan— edo internet bidez —emanaldia hasi baino ordubete lehenagora arte—.
Udazkeneko denboraldian, urritik abendura bitartean, beste hamaika lan eskainiko dira.