Etxebizitza Sindikatuak Alokabideren jardun "antiproletarioa" aztertu du erreportaje batean

Erredakzioa 2022ko ots. 4a, 13:03

Erreportajearen eta aurkezpenaren berri emateko agerraldia. / ETXEBIZITZA SINDIKATUA

Otsailaren 18an, azken urteko esperientzia sindikalaren ondorioak biltzen dituen Miseria kudeatzen: Alokabide, etxebizitza sozial antiproletarioa bideo-erreportajea aurkeztuko du Etxebizitza Sindikatuak.

Azken urteko jardun sindikalaren esperientziatik atera dituen ondorioak bildu eta Miseria kudeatzen: Alokabide vivienda social-antiproletaria ikus-entzunezko erreportajea egin du Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak.

Otsailaren 18an, ostiralean, 19:00etan Aldabe gizarte etxeko areto nagusian aurkeztu eta proiektatuko dute. Bertan, egileen azalpenak konpartitu eta tertuliarako tartea ere irekiko dute. Saioa elebiduna izango da, eta euskarazko atal guztiek itzulpena izango dute.

"Asko izan dira Alokabideren etxeetan bizi eta mota askotako arazoak izan dituzten pertsonak, eta horietatik beste hainbatek Etxebizitza Sindikatuarekin antolatzea erabaki dute", azaldu dute. Esperientzia horretatik hainbat testigantza eta analisi partekatu dituzte erreportajean.

Etxebizitza Sindikatuko kideen ustez, plazaratuko duten lanaren ondorioa argia da: "Alokabideren etxebizitza soziala ez da proletalgoaren beharrei efektiboki eta era iraunkor batean erantzuteko bitartekoa, proletalgoak estrukturalki bizi duen miseria kudeatzeko tresna publikoa baizik".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago