Oihaneder Euskararen Etxeak, Laboral Kutxaren laguntzarekin, formatu txikiko antzezlan eta bakarrizketentzako Taulara lehiaketaren bigarren edizioko irabazleak plazaratu ditu, urtarrilaren 24an lanak entregatzeko epea amaitu ostean.
Zortzi proposamen aurkeztu dira, eta lanen "kalitate handia" nabarmendu dute antolatzaileek. Proposamen arabarrak nagusitu dira, zortzi horietatik bost lurralde honetatik jaso baitira; beste bi Gipuzkoatik, eta bakarra Bizkaitik.
Gainera, epaimahaiak Araban ekoiztutako hiru lan aukeratu ditu, "kalitatea eta antzezgarritasuna, deialdi honetarako beren-beregi sortutako proposamena izatea, genero ikuspegia eta emakumeen zein 35 urtetik beherako gazteen presentzia" irizpidetzat hartuz.
Jatorrizko lan onenaren saria eman dio Benan Oregi Iñurrietaren Ezkaba 1938 lanari —1.500 euro jasoko ditu—. Bigarren saria Oroitzapen gorriak (Ainhoa Ordoñez eta Erik Perianes) proposamenak irabazi du, eta hirugarrena, berriz, Titapia (Anaiz Mendiboure eta Iratxe Gallardo) lanari egokitu zaio; bi lan horien kasuan, 750 euroko sari bana jasoko dute egileek.
Hiru antzerki lan horien aurkezpenak martxoaren 27an izango dira, Oihaneder Euskararen Etxean. Horretarako, irabazleek zortzi asteko epea izango dute beren lanak prestatzeko. Aipatutako sariez gain, bertaratzen diren ikus-entzuleek publikoaren saria —500 euro—nori eman erabakiko dute.