"Segregazioari tinko heltzeko" Hezkuntza Legea eskatu du Eskola Publikoaz Harrok

Erredakzioa 2022ko ots. 3a, 19:00

Euskal Eskola Publikoaz Harro-ren prentsaurrekoa, Aldabe gizarte etxean. / E.E.P.H

Eskaintza publiko integrala eta doakoa "erdigunean" jartzea, hezkuntza itundua mugatzea, matrikulazio orekatua ziurtatzea eta euskalduntzen ez duten ereduak finantzatzeari uztea exijitu du Eskola Publikoaz Harrok, Hezkuntza Lege berrirako.

Alderdien arteko balizko akordioaren atarian, bere ustez EAEko Hezkuntza Lege berriaren oinarriak izan beharko liratekeen konpromisoak aurkezteko prentsaurrekoa egin du gaur Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak, Gasteizko Aldabe gizarte etxean.

"Denona eta denontzat den eskola publikoaren aldeko legea izan dadila, egun dugun eskola segregazioarekin eta gizarte hausturarekin bukatuko duena, eta herritar guztiei euskara ardatz izango duen kalitatezko hezkuntza eredua eskainiko diena", aldarrikatu dute.

Plazaratutako dokumentuari atxikimendua eman diote, besteak beste, Arabako hainbat plataformak: Amurrio, Gasteiz eta Oiongoak, eta baita Amurrioko Zabaleko Bizirik taldeak ere. Eragileei dagokionez, EHIGE, HEIZE, Ikasle Sindikatua, Ikasle Ekintza, Gazte Komunistak, STEILAS, CCOO, ESK eta CNT ageri dira sinatzaileen artean.

Ohartarazi dutenez, EAEko hezkuntza sistemaren "ekitate eza" azpimarratu dute aditu gehienek. "Segregazioa da nagusi hezkuntza sistema osoan: segregazio ekonomikoa eta soziala. Eskola segregazioak lotura zuzena du sare pribatu-kontzertatuak EAEn duen pisuarekin: irakaskuntza pribatu-kontzertatua handitu ahala, eskola segregazioa areagotu egiten baita", azpimarratu dute.

Lau konpromiso

Horren aurrean, soilik sare publikoan ezarritako neurrien ordez, "egiturazko arazoari" aurre egiteko hainbat konpromiso eta muga exijitu dizkiete iristear omen dagoen hezkuntza akordioaren sustatzaileei. Ez dute onartuko irizpide horietatik kanpo erdietsitako akordiorik:

  • "Eskola publikoa sistemaren erdigunean" jartzea. Horretarako:
    • Eskaintza publiko integrala eta doakoa bermatzea 18 urtera arte, udalerri eta auzo guztietan.
    • Hezkuntza pribatu-itunduari "mugak" jartzea: eskaintza publiko nahikoa dagoen bitartean, lerro pribatu-itunduak ez irekitzea.
    • Haurreskolak Partzuergoa doako zerbitzu publiko unibertsal gisa egonkortzea.
    • 0-3 ziklo publikoa ziurtatzeko, ikastetxe pribatu-itunduei ematen zaizkien 0-2 zikloko diru-laguntzak kentzea.
    • Inbertsio plan berezia: eskola publikoa instalazio, azpiegitura eta ekipamendu onenekin hornitzeko.
  • Ikastetxe pribatuen finantzaketa murriztea edo finantzatzeari uztea; ez egonkortzea, ezta handitzea ere. "Diskriminazioa eta segregazioa sortzen duten ikastetxeak finantzatzen ari gara. Zergatik finantzatu guztion diruarekin guztiontzat ez diren ikastetxeak?", salatu dute.
  • Segregazioari "modu tinko eta eraginkor batean" helduko dion akordioa, horretarako "politikak, planifikazioa eta matrikulazio prozesu gardenak" bultzatuz eta ikasleen "matrikulazio orekatua" ziurtatuz.
  • Euskalduntzen ez duten hizkuntza-ereduen finantzaketa ez ahalbidetzea. "Euskara ikastea haur guztien eskubidea da, eta hori bermatzea guztion erantzukizuna da, administraziotik hasita. Euskararik gabe, ez dago integraziorik, eta integraziorik gabe orduan eta aukera gutxiago euskara normalizatzeko. Eskola publikoa indartzeak euskara indartzea dakar, sare publikoa baita ikasle gehien euskaldundu dituen eta euskalduntzen jarraitzen duen sarea", defendatu dute.

Akordioa eta adostasunak

"Datozen 30 urteetarako hezkuntza sistema lege berri honen bidez arautuko bada, alderdi politikoen arteko akordioa beharrezkoa da, bai, baina hori bezain garrantzitsua da hezkuntza eragileekin eta, batez ere, eskola publikoko komunitatearekin adostasunak bilatzea, eta hori ez da egin", deitoratu du topaguneak. Hori aldatu ezean, salaketa eta mobilizazioak iragarri dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago