EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, terraza eta mahaitxoen ordenantza berria onartzeko akordio politikoa gauzatu dute asteazken honetan Urtaranen gobernuak eta popularrek; EH Bildu eta Elkarrekin taldeek proiektuaren aurkako botoa eman dute.
Udan indarrean sar litekeen ordenantza berriak formula berriak ahalbidetuko ditu, "hirian ostalaritza garatzeko, espazio publikoaren erabilera orekatua eta irisgarritasuna bermatuz", Raimundo Ruiz de Escudero Espazio Publikoaren zinegotziaren hitzeran. Lizentzien indarraldiari dagokionez, hiru urtetik lau urtera luzatuko da.
Horretarako, pandemian zehar ezarritako zenbait formula finkatuko dira: "Gasteizen kalitate eta erosotasun handiagoko terrazak edukitzea ahalbidetuko du", azpimarratu du Maider Etxeberria alkateordeak.
Urte osorako egiturak
Araudiaren berritasun nagusien artean, urte osorako egitura iraunkorrak jartzeko baimena nabarmentzen da. Horrela, itxitura finkoak dituzten terrazak jarri ahal izango dituzte ostalaritza establezimenduek, seguruak, egonkorrak, estetikoki egokiak eta erosoak direla bermatuz. Egitura horiek zoladuran ainguratu ahal izango dira, kontrapisuak jarrita.
Betiere, baldintza batzuk bete beharko dira horretarako eta teknikariek onetsi beharko dituzte. Gainera, monumentu historiko-artistiko izendatutako zonaldetan formula hori baliatu beharko da beti, espazio horiek babesteko.
Terraza estaliak
Bestalde, erraz desmuntatzeko moduko terraza estaliak baimenduko dituzte hiri osoan, baita Alde Zaharrean ere; kasu honetan, alboko babesgarriz eta estalki iragazgaitz batez osatutako egiturak baliatu beharko dira. Ordenantzaren arabera, altzariek diseinu eta tratamendu kromatiko bateratua eduki beharko dute, "kolore eta estetika egokiarekin".
Multzo horien alboetako babesak mugikorrak, gardenak eta erraz desmuntatzeko modukoak izan beharko dira, eta egunero kendu beharko dira. Gehienez 1,5 metroko altuera izango dute, eta estalki iragazgaitzak lurretik 2,20 metrora egon beharko du, espazio libre bat geratzen delarik, aireztapenerako, alboko babesaren eta estalkiaren artean, gutxienez 70 zentimetrokoa.
Formula berriak
Pandemiaren ondorioz aplikatu ziren hainbat neurri finkatzeko ere baliatuko da ordenantza berria:
- Terrazak aparkalekuetan jarri ahal izango dira oinezkoek lehentasuna duten kaleetan, fatxadaren aurrealdean. Trafikoak orduko 30 kilometroko muga duen superetxadien barruko kaleetan ere jarri ahal dira, baldin eta espaloiaren zabalerak beste aukerarik ematen ez badu. Kasu horretan, babesgarriak jarri beharko dira alboetan, mahaitxoak ibilgailuetatik banantzeko.
- Terrazak arrerape eta arkupeetan jartzea baimenduko da, baldin eta ostalaritza establezimenduek jabeen komunitatearen baimena badute.
- Erdi Aroko hirigunean bi mahai-ilara jarri ahal izango dira fatxaden aldamenean —bigarrena aurrez aurreko eraikinaren ondoan—, lau metroko erdiko pasabidea mantenduz, segurtasuna bermatzeko.
- Ostalaritza establezimenduak argiztatzeko aukera berriak: argiztapena jarri ahal izango da terrazetan, nahitaez lurpeko eroanbideak baliatu beharko badira ere. Argiteria, aukeran, bateria eta eguzki-plaken bitartez elikatu beharko da. Argiztapen mailak ezingo du izan kalean dagoena halako bitik gorakoa, eta argiztapen elementuak establezimenduaren beraren egiturei lotu beharko zaizkie; inolaz ere ez zuhaitzei edo hiri-altzariei.
- Beroa edo hotza sortzen duten elementuak jarri ahal izango dira terrazetan, baldintza hauekin: eredu homologatuak baino ezingo dira instalatu, elikatze-iturri iraunkor alternatibo eta berriztagarriak dituztenak eta CO2 emisiorik gabeak. Debekatuta egongo dira gas estufak.