Azkenean Eusko Jaurlaritzak Covid-19ari aurre egiteko neurri murriztaile guztiak mantentzea erabaki duen arren, bihar zuzeneko musika itzuliko da Navarro Villoslada kalean dagoen Orbain Kultur Elkartera. Colapso punk-rock taldearen eskutik izango da.
Gasteiz eta Amurrioko lau gaztek sortutako proiektuak urtebeteko ibilbidea du, baina 15 abesti sortu dituzte jada, eta duela gutxi beren lehenengo kontzertua eman zuten Kontrastan, beraiek autogestionatutako festibal batean. Bateria (Andoni), baxu (Maren) eta gitarrari (Alatz), tronpeta (Julen abeslaria) ere gehitu diote, ohiko punk soinuetatik aldenduz baina punk izaerari eta umoreari eutsiz.
Hurrengo urratsa bihar egingo dute, Orbainen eskainiko duten kontzertu bikoitzarekin. Izan ere, hasiera batean neurri murriztaileak hilaren 29an bertan behera gelditzea espero zuten arren, azkenean bi muga nabarmen izango ditu emanaldiak: publikoa eserita egon beharko da, eta edukiera mugatua izango da. Hortaz, bi pase antolatu ditu punk-rocka sustatzea helburu duen elkarteak: lehena 19:00etan izango da, eta bigarrena 20:30ean. Gainera, "punktualitatea" eskatu dute, edukiera bete arte banatuko baitituzte lekuak.
Ostirala da, eta asteburua berotzen joateko, hemen duzue Colapso taldearen Madero kanta, kaleratu duten laugarren singlea eta 2022an zehar grabatuko duten lehen albumaren parte izango dena, Mono(en)Patín, Subasta eta Tarde de partida abestiekin batera:
Nolanahi ere, taldearen abesti guztiak eta informazioa topatu daiteke hainbat plataformatan:
- Instagram: @colapso_grupo
- Twitter: @colapso_grupo
- Facebook: Colapso Grupo
- Spotify: Colapso
- YouTube: Colapso