Ruben Lucas Garciak (Torreagüera, Murtzia, 41 urte) Lata izenburupean aurkeztutako kartelak irabazi du 2022ko Gasteizko Inauterietako kartel lehiaketa. Lehiaketa hau hirugarren aldiz irabazi duen egileak 1.500 euroko saria jasoko du; gainerako finalistek 250 euroko sari bana eramango dute.
"Kartel berezi eta koloretsua da, eta Gasteizko jai ezagunenetakoak ekartzen dizkigu gogora. Bertan, kontserba lata erdi-ireki bat ikus daiteke, bertatik gure hiriko eta Inauterietako elementu bereizgarrienetako batzuk ageri direla", azaldu du Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.
Orotara, 25 egilek 32 lan aurkeztu zituzten lehiaketara. Horietatik, %56 Gasteizen edo Araban bizi dira, %8 Euskal Herrian, eta %32 Espainiako Estatuko beste lurralde batzuetan. Kartelen %49 emakumeek aurkeztu dituzte, eta %51, berriz, gizonek. Batez besteko adina 42 urtekoa da; bitxikeria gisa, karteletako baten egilea 94 urteko gasteiztar bat izan da.
Arabako diseinu grafikoaren alorreko profesionalek osatutako epaimahaiak honako hauek hautatu zituen lehen fasean:
- 1. Ametsez; egilea: Khalid Oulad Ali Ibrahim (Maroko).
- 2. El vuelo de la sardina; egilea: Daniel Fernandez-Ferreiros Urraca (Gasteiz).
- 3. Tronpeta jotzen; egilea: Malen Uranga Murua (Zarautz).
- 4. Lata; egilea: Ruben Lucas Garcia.
Bigarren fasean, finalisten artetik Lata jo dute irabazletzat, botoen %80 lortuta; Ametsez izeneko kartelak eraman du botoen gainerako %20. Fase honetan, Kultura Zerbitzuko eta Komunikazio Bulegoko teknikari bana, eta ikastetxe hauek osatu dute epaimahaia: IDarte, Gasteizko Arte eta Diseinuko goi mailako Eskola, Arte eta Lanbide Eskola, eta Ekialdea BHI (Arte Batxilergoa).
Aurkeztutako kartelen erakusketa El Pilar eta Hegoalde gizarte etxeetan egingo da, otsailaren 14tik 28ra bitartean.