Erakusketak, hitzaldiak eta askotariko ekitaldi kulturalak antolatzen dituzte Etxerat elkarteak eta Sare Herritarrak Gasteizen, Errota auzoko Kutxa plazako 7. zenbakian elkarbanatzen duten Elkartasun Gunean.
Dinamika horren barruko hurrengo hitzordua bihar izango da, hilaren 27an, ostegunean, 20:00etan: Arantza Eziolazaren artelanen erakusketa inauguratuko dute. Aurtengo Elkartasun Kinkea egitasmoko laminen egileak bere obraren nondik norakoak azalduko ditu, eta lunch batekin lagunduko dute ekitaldia. Erakusketa otsail osoan zehar izango da ikusgai.
Antolatzaileek ALEAri azaldu diotenez, Eziolazak hainbat bildumako obrak hautatu ditu erakusketa hau osatzeko: "Errefuxiatuen eskubideen aldarrikapenaren inguruan, emakumeen salerosketaren aurka, Etxeratek egindako dinamika ezberdinetarako egindako muntaiak, konfinamendu garaian sortu zituen obrak...". Nolanahi ere, obra bakoitzaren alboan horren azalpen bat egongo da, xehetasun guztiak modu sakonago batean azaltzeko.
Bestalde, otsailaren 10ean, ostegunean, 19.00etan, Órale compadre... ¡nos vemos en Iparralde! liburuaren aurkezpena egingo dute. Liburu honetan, bere anaiak —euskal iheslaria Mexikon— kontatu zizkion bizipenak jaso ditu Eziolazak, lehen eskutik.
Gainera, adi ibiltzeko dei egin dute Etxeratek eta Sarek: otsaila eta martxoan zehar hainbat dokumental proiektatu eta bestelako erakusketak antolatuko dituzte.