84 urteko emakume bat hiltzeagatik atxilotutako gidariak positibo eman zuen drogetan

Erredakzioa 2022ko urt. 26a, 13:36
Salburuko Hezeguneen pasealekuan harrapatu zuten emakumea. / GOOGLE MAPS

43 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo Gasteizko Salburua auzoan, bere autoarekin 84 urteko emakume bat harrapatu eta hiltzeagatik. Gidariak positibo eman zuen droga-probetan (THC), marihuana erre izanagatik.

Astearte arratsaldean, 18:45ak aldera, Salburuko Hezeguneen pasalekuko zebrabidetik errepidea gurutzatzen ari zen 84 urteko emakume bat harrapatu zuen 43 urteko gizonezko batek, bere autoarekin.

Gidariak ihesari ekin zion, baina Udaltzaingoak horren berri eman zien unitate guztiei, baita hiriko taxilariei ere. Handik gutxira, Salburua auzoan bertan topatu eta atxilotu zuten; antza denez, autoaren kalteak aztertzen ari zela aurkitu zuten. Udaltzaingoak baieztatu duenez, gidariak negatibo eman zuen alkohol-proban, eta positibo THC-an (marihuana).

Ezbeharraren ondorioz, emakumea hil egin zen unean bertan; beraz, Gasteizen 2022an jazotako lehen harrapaketa hilgarria izan da. Hileta zerbitzuek Justizia Jauregiko zerbitzu anatomikora eraman zuten bere gorpua, bertan autopsia egiteko. Bitartean, zebrabidea baino metro batzuk lehenago dauden balaztatze-markak aztertu ditu Polizia, harrapatzearen xehetasunak ezagutzeko.

Ustezko harrapatzaileak gaua igaro du komisaldegian, eta gaur jarraitu dute ikerketekin; besteak beste, lekuko batzuei eta gertakarien ustezko egileari aitorpena hartuko diete. Ondoren, gaurko egunean zehar, Guardiako epaitegiaren esku utziko dute, zuhurtziagabekeriazko giza hilketaren delituaren eta gertakarien tokitik alde egin izanaren ustezko egilea izatea egotzita.

"Azkena izan dadila"

Asteazken honetan, Batzar Nagusietan EH Bilduren batzarkide taldeko bozeramaile Kike Fernandez de Pinedok gertatutakoa salatu du, hildako emakumea bere izeba zela jakinaraziz: "Atzo kotxe koldar batek hildako emakumea oso gertukoa dut. Nire izeba Mari da. Gogorra. Mina eta inpotentzia sentitzen dut. Tamalez, luzeegia da Gasteizen honela hil dutenen zerrenda. Nora goaz gizarte moduan? Normala ote? Azkena izan dadila! Aski da", adierazi du sare sozialetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide