'V de Vendetta'-ren sortzaile David Lloyd Gasteizen izango da datorren astean

Erredakzioa 2022ko urt. 25a, 11:30
Alan Mooren 'V de Vendetta' komikiaren marrazkilaria da David Lloyd. / VERTIGO COMICS

Ignacio Aldekoa Kultur Etxeak eta Caracola komiki dendak V de Vendetta komiki eta filmari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte, otsailaren 3tik 5era. Mundu osoan ezaguna den maskara eta pertsonaiaren sortzaile David Lloyd marrazkilaria bertan izango da.

2006an Wachowski Ahizpek sortu eta James McTeiguek zuzendutako filmak mundu osoan ezagutarazi zuten arren, V de Vendetta 1982tik aurrera Alan Moorek idatzi eta David Lloydek ilustratutako komiki serie bat da; 1995ean, bilduma gisa, eleberri grafiko batean berrargitaratu zuten komikia, osorik.

Etorkizun distopiko batean gobernu faxista baten aurka borrokatzen duen "terrorista" anarkista bitxi baten pertsonaia sortu zuten Moorek eta Lloydek: V, Jakobo I.a erregea hiltzen saiatu zen Guy Fawkes pertsonai historikoarengan inspiratuta. Lau hamarkada beranduago, Gasteizen izango dugu Lloyd, komikiaren eta mundu osoan ezagun bilakatu den maskara ospetsuaren ilustratzaile eta marrazkilaria.

Izan ere, otsailaren 3tik 5era bitartean, V de Vendetta-ri buruzko jardunaldiak antolatu dituzte Ignacio Aldekoa Kultur Etxeak eta Caracola Comics komiki dendak. Jardunaldietan, ilustratzaile horrek eta bere lanak bederatzigarren artearen historian izan duen eraginari buruzko interpretazio bat egingo dute, baita David Lloyden egungo ikuspegia bera ere:

  • Otsailaren 3an, ostegunean, 19:00etan, Azucena Monge eta Joseba Gomez komikigintzako adituen sarrera hitzaldia. David Lloyden lanaren esanahia eta eragina aztertuko dituzte.
  • Otsailaren 4an, ostirala, David Lloydek berak komikiak sinatuko ditu, 16:30etik 20:30era Caracola Comics dendan (San Prudencio kalea, 5).
  • Otsailaren 5ean, larunbatean, jardunaldiak amaitzeko hitzaldia eskainiko du V de Vendetta komikiaren sortzaileak, 11:00etan Ignacio Aldekoa Kultura Etxean. Bere esperientziari buruz hitz egin eta ekitaldira joango diren pertsonen galderei erantzungo die.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide