Armentiako txakurtegira itzuliko da Apasos, Auzitegi Nagusiak arrazoia emanda

Erredakzioa 2022ko urt. 24a, 13:55
Apasos Elkarteak berriro kudeatuko du Gasteizko udal txakurtegia. / ALEA

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Apasosi, egindako lana "abandonatutako animalien ongizaterako funtsezkoa" dela iritzita. Hortaz, udal txakurtegia kudeatzera itzuliko da animalien babeserako elkartea.

Gasteizko Udalaren eta Apasos animalien babeserako elkartearen arteko azken urteetako tirabiren testuinguruan —sexu abusuen salaketa, lankidetza hitzarmenaren etetea, kereilak, helegiteak...—, udal txakurtegiaren kudeaketaren inguruan elkarteak aurkeztutako errekurtsoari arrazoia eman dio EAEko Auzitegi Nagusiak, eta boluntarioak Armentiako Animalien Babeserako Zentrora itzultzeko agindu du, hitzarmena amaitu zen unean zeuden baldintzetan eta kautelazko neurri gisa, prozedura nagusian epaia eman arte.

Epaiak aitortzen du "txakurtegiko animalia abandonatuen ongizatea boluntarioen lan handiaren mende dagoela, eta ez dagoela modu berean bermatuta Udalaren bitartekoekin bakarrik". Apasoseko ordezkariek "oso positibotzat" jo dute ebazpena, eta laster txakurtegira itzuliko direla iragarri dute.

Elkarteak azpimarratu du, gainera, epaimahaiaren testua "kolpe handia" dela Gorka Urtaran alkatearentzat: "Bigarren aldia da justiziak zalantzarik gabeko arrazoia ematen digula, mehatxuak eta kalumnia faltsuak egotzita Nuria Perez-Carcamo Apasos elkarteko presidenteari egindako akusazioa artxibatu ondoren".

Halaber, testu judizialak ebazten du hitzarmena bertan behera utzi izana "ez dela inola ere elkartearen praxi txarrean oinarritzen, baizik eta Armentiako txakurtegian boluntarioek jasandako sexu abusu, irain eta umiliazioen salaketen aurreko zigor batean".

Hortaz, Apasos elkarteak azpimarratu du auzitegiak "agerian utzi" duela Udala, epaiaren arabera Urtaran kabineteak hartutako erabakiak "ez diolako interes publikoari erantzuten".

"Horrek guztiak erakusten du Urtaran-Etxebarria gobernuak herritarrengandik kanpoko interesekin jokatzen duela, eta hori oso larria da", dio Perez-Carcamok berak. "Gutxieneko poztasuna da animaliei ematen zaien tratua kaltetu egin dela onartzea; egitatearen larritasunaren barruan, gure lana beharrezkoa dela eta txakurrei zein katuei ongizatea ematen diela onartzen da".

Edonola ere, Udalak helegitea jartzeko aukera du orain, eta zerbitzu juridikoak epaia aztertzen ari dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide