Adriano VI.a Aita Santu izendatu zuteneko 500. urteurrena ospatuko du Gasteizek

Erredakzioa 2022ko urt. 22a, 12:45

Duela 500 urte, Aita Santu izendatu zuten Adriano VI.a, Gasteizen zegoela. Urteurrena ospatzeko, Udalak eta Vital Fundazioak hainbat ekitaldi antolatu dituzte: mikroantzerkia Kordoi Etxean, hitzaldiak eta ibilbide gidatuak.

Adriano Utrechtekoa kardinal eta Gaztelako erregeordea Kordoi Etxean zegoen ostatu hartuta duela 500 urte, 1522an, Leon X.a Aita Santuaren oinordeko hautatu zutela jakin zuenean.

Urtarrila zen, eta Sanchez Bilbaotarren etxean zegoen Adriano, Guyenako guduaren udaberriko kanpaina militarra planifikatzen. Bitartean, Erroman, Aita Santu berria izendatuko zuen konklabea burutzen ari zen. Hilaren 9an, albistea jakinarazi ondoren, mezulari bana abiatu ziren Vatikanotik: lehenak, Gironako gotzainaren zorion gutuna zeraman; bigarrenak, berriz, mezu ofiziala, baieztapenarekin. Bi asteko bidaiaren ondoren, urtarrilaren 22an, Adrianok berri ona jaso zuen.

Azkenean, otsailaren 5ean, mezuaren eramailea iritsi zen Erromatik, eta San Frantzisko komentura eramatea erabaki zen, Kordoi Etxearen saltegi eta merkataritza ingurunea ez baitzen Aita Santu batentzat egokiena. Bertan, kargua onartu zuen, eta jaunek, apaizek, hiri handietako gotzainek, erlijiosoek eta abarrek helarazitako opariak jaso zituen. Gasteizko Udalak elikagaiak eta opariak eskaintzea erabaki zuen.

Martxoaren 12an, Arabako hiriburuan hiru hilabetez egon ondoren, Adriano VI.a —dagoeneko horrela izendatuta— Erromara abiatu eta hilaren 30ean iritsi zen. Denbora horretan zehar. era guztietako ospakizunak egin ziren Gasteizko kaleetan.

Ekitaldiak eta jarduerak

Urteurrena dela eta, Gasteizko Udalak eta eraikin historikoaren jabe Vital Fundazioak, gertakari hura oroitzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte. "Ospakizun honek balio handia du hiriarentzat, gure historian sakontzeko aukera ematen digulako, nazioartean erreferentzia izan zen une batean, gaur egun ere momentu askotan erreferente garen bezala", nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak, urteurrena ospatzeko egitasmoaren aurkezpenean.

Kordoi Etxean bisita antzeztuak egingo dira, baita Adriano VI.a eta bere garaiaren protagonista diren hiriko lekuetara hiri-ibilbidea, izaera artistikoko beste ibilbide autogidatu bat Arte Sakratuaren Museoan edo garaiari buruzko hitzaldiak.

Alde batetik, Pez Limbo antzerki konpainiak Habemus Adrianus berariazko antzezlana antzeztuko du Kordoi Etxeko areto gotikoan, Jason Guerra eta Josune Velez de Mendizabal aktoreen eskutik, Marina Suarezen zuzendaritzapean eta Ander Gondraren dokumentazio historikoa baliatuz. Emanaldiak urtarrileko azken asteburuan eta otsaileko lehenengoan izango dira; egunero lau egingo dira, goizez edo arratsaldez, euskaraz eta gaztelaniaz. Doakoak izango dira, baina izena eman behar da Vital Fundazioaren webgunean.

Bestalde, Santa Maria Katedrala Fundazioaren, Gasteizko Teologia Fakultatearen eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen eskutik, hitzaldi ziklo bat antolatu da. Martxotik abendura, Europa Jauregian eta Vital Fundazio Kulturunean hainbat hitzaldi izango dira Gasteiz Adriano VI.aren garaian gaiari buruz; besteak beste:

  • Adriano VI.a eta gasteiztarrak enperadorearen zerbitzura, Ismael Garcia arkeologoarekin.
  • Artea Adriano VI.aren garaian, Jesus Maria Gonzalez de Zarate EHUko Artearen Historiako katedradunarekin.
  • Adriano VI.a eta beginak
  • Humanismoa: Adriano VI.aren garaiko pentsamendua, Vatikanoko Artxibo Apostolikoko zuzendari Sergio Paganoren eskutik (Antzinako Vatikanoko Artxibo Sekretua).
  • Adriano VI.a eta erreforma, Juan Maria Laboa Comillasko Unibertsitateko Elizaren Historiako irakaslearekin.
  • Adriano VI.a, Manuel Gomez Tavira Elizaren Historiako irakaslea Gasteizko Teologia Fakultatean.

Jardueren programa bisita gidatuekin osatuko da. Alde batetik, ekainean Adriano VI.a eta bere garaia hiri ibilbide gidatua eskainiko da. Ordu bitan Katedral Zaharra bisitatuko da, eta Karlos V.ari lotutako pertsonaia batzuen kaperak ere bai: Montehermoso, Kordoi Etxea, San Frantziskoren hondakinak eta Arte Sakratuaren Museoa. Azken gune horretan, Gasteizko Elizbarrutiaren eskutik, udan ibilbide artistiko autogidatu bat programatuko da. Ibilbide horretan, bisitariak, liburuxka baten eta identifikazio-txartelen bidez, Adriano VI.aren historiarekin zerikusia duten pieza nagusiak ikusi ahal izango ditu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide