Mendizabaleko aparkalekua eraberrituta ireki dute

Erredakzioa 2022ko urtarrilaren 22a

Milioi bat euroko inbertsioaren ostean, eta zoladura eraberritzeko lanak burututa, berriz ere zabalik da Mendizabaleko aparkalekua.

Mendizabaleko aparkalekua berrireki dute jada, zoladura eraberritzeko milioi bat euroko inbertsioa —zehazki, 999.800 euro— egin eta gero. Azken lanak, bereziki margoketa, azken egunetan egin ditu Asfaltia enpresak, eta azpiegitura erabiltzaile guztientzat zabalik da, normaltasun osoz.

Izan ere, lanei ekin aurretik, aparkalekuaren asfaltoa, berdeguneak eta Lasarteko ateko sarbideak oso hondatuta zeuden, hainbat hamarkadatan berritu gabe izan ostean.

Orain, ordea, guztiz eraberrituta dago azpiegitura, disuasio aparkalekuak eta zoladurak hobetzeko plan baten barruko jardunari esker —Mugikortasun eta Espazio Publikoko sailaren 4 milioi eurotik gorako inbertsioa ekarriko duena—.

Gainera, hemendik aurrera —pandemiaren bilakaerak ahalbidetzen duenean, jakina—, aparkalekuaren funtzioa betetzeaz gain, jaialdi eta kultur zein kirol jarduera eta ekitaldiak hartuko ditu; esaterako, Azkena Rock jaialdia.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago