Bi atxilotu Gasteizen, Ertzaintzaren bost patruilaren eta Guardia Zibilaren kuartelaren aurka jotzeagatik

Erredakzioa 2022ko urt. 20a, 19:29
Ihesean, autoak talka egin zuen Sansomendiko Guardia Zibilaren kuartelaren aurka. / ALEA

Bart, auto batean zihoazen bi lagun atxilotu ditu Ertzaintzak, bost patruilaren aurka jo, hainbat ertzain harrapatzen saiatu eta Sansomendiko kuartelaren aurka talka egin ondoren. Arriskua sortuz gidatzea, agenteen kontrako atentatua eta kalteak leporatu dizkiete.

Ostegun honetako goizaldean, 01:20ak aldera, Ertzaintzak Toyota Corolla auto bat geldiarazi du Gasteizko Ehari-Gobeu auzoan. Polizia-atestatuaren arabera, ibilgailuan bi gizonezko zihoazen, eta ihes egiteko maniobra bat egin dute polizia-autoa ikusi dutenean.

Agenteek identifikatzen zituzten bitartean, bat-batean, autoaren gidariak abian jarri du motorra, abiadura handian, kontrako noranzkoan eta kaleetan zehar ihes egiteko. Antza denez, une horretan, hainbat ertzain bidetik kendu behar izan dira, autoak harrapa ez zitzan.

Ertzaintzaren patruilek atzetik jarraitu dute autoa, baina honek ez die jaramonik egin patruila-autoen seinaleei. Gainera, horien kontra talka egin du ihes egiten jarraitu ahal izateko; horren ondorioz, autoak hainbat ertzain zauritu ditu eta kalteak eragin dizkie polizia-autoei, baita kalean aparkatuta zeuden hainbat ibilgailuri ere.

Azkenean, bi kilometro inguruko jazarpenaren ostean, Sansomendiko Guardia Zibilaren kuarteleko sarreraren kontra bete-betean jo du autoak. Ertzainek gidaria ibilgailutik atera eta atxilotzea lortu dute orduan; bere kidea ere atxilotu dute, autotik jaitsi eta oinez ihes egiten jarraitzea saiatu ostean.

Gidariak positibo eman du drogengatik, eta, gainera, marihuana kantitate txiki bat konfiskatu diete. Bi atxilotuei agintaritzaren agenteen kontrako atentatua, bide segurtasunaren kontrako delitua eta kalte delitua leporatu dizkiete. Lakuako ertzain-etxera eraman dituzte dagozkion eginbideak betetzeko, eta goizean gelditu dira Gasteizko Guardiako Epaitegiaren eskuetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide