Gasteizko Txosnek aurtengo banda lehiaketa aurkeztu dute

Erredakzioa 2022ko urt. 20a, 13:05
Gasteizko Txosnen agerraldia, Jimmy Jazz aretoan. / Argazkia: HALA BEDI

Aurten ere, Gasteizko Txosnen urteko egitarauaren lehen hitzordua izango da banda lehiaketa. Parte hartzeko epea martxoaren 4ra arte luzatuko da, finala apirilaren 7an Jimmy Jazzen egingo da eta irabazleak jaietan txosnagunean jotzeko aukera izango du.

Ostegun honetan, jaiekin zer gertatuko den jakin gabe oraindik, Gasteizko Txosnek 2022ko lehen prentsaurrekoa eskaini dute Jimmy Jazz aretoan. Dagoeneko bi urte daramatzate jaietan txosnarik jarri gabe. gainera, duela bi urtekoa berezia izan behar zuen, Gasteizen txosnak lehen aldiz jarri zirenetik 40 urte bete zirelako; hala ere, urtemuga hori ospatu gabe dago oraingoz.

Zalantzaz beteriko egoera horretan ere, argi utzi nahi izan dute: "Guk geureari helduko diogu, eta motorrak berotzen hasi nahi dugu". Aurrerago, data eta jarduera gehiago emango dituzte jakitera, baina, momentuz, azken urteetan egin ohi duten gisan, urteko lehen ekimena aurkeztu dute gaurkoan: Gasteizko Txosnetako Banda Lehiaketa.

Egitasmo horren helburu nagusia musika talde ezezagunei oholtza gainean aritzeko aukera bat ematea da. Txapelketa irekia da, hau da, edozein taldek har dezake parte, gaur bertan ireki eta martxoaren 4ra bitartean luzatuko den izen-ematearen bitartez.

Apuntatzeko honako formulario hau bete beharko dute taldeek: taldekideen datuak txertatzeaz gain, gutxienez hiru abesti eta gehienez bost igo beharko dituzte; azken horien kasuan, gutxienez bi euskaraz izan beharko dira. Horrez gain, argazkiak, bideoak edota sare sozialen berri emateko aukera izango dute webguneko inprimakian.

Zortzi sailkatu, lau finalista eta irabazle bat

Izena emateko epea amaituta, txosna batzordeak zortzi talde sailkatuak iragarriko ditu, eta martxoaren 10etik 20ra bitartean bozketa fasea zabalduko da. Ondorez, lau talde igaroko dira finalera: horietako bat publikoaren boto kopuruaren arabera hautatuko da, eta beste hirurak epaimahai batek aukeratuko ditu. Lau horietatik gutxienez bat Arabakoa izan beharko da, eta beste bat, gutxienez, emakumeen presentzia izan beharko du.

Hurrengo urratsa finala izango da, apirilaren 7an Jimmy Jazz aretoan. Lau talde finalistek zuzeneko kontzertua eskainiko dute bertan, eta horietatik irabazle bat aukeratuko da. Talde horrek Gasteizko Txosnetan jotzeko aukera izango du, 2022ko jaietako egun batean —aurten ospatzen badira, jakina—. Gainera, talde irabazleak 500 euroko saria jasoko du ere.

 
 
 
 
 
View this post on Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by Gasteizko Txosnak (@gasteizkotxosnak)

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide