Gasteizko markesinetan abortuaren aurkako kartelak jarri dituzte

Erredakzioa 2022ko urt. 19a, 12:00
Kanpaina bereko kartel bat beste hiri bateko markesina batean. / Argazkia: @zuriro

Elkarte katoliko batek Gasteizko markesinetan abortuaren aurkako kartelak jartzeko kanpaina bat kontratatu du. Elkarrekin udal taldeak "berehala" kentzeko exijitu du, eta publizitateak indarrean dagoen araudia betetzen ote duen aztertzen ari da Udala.

Abortuaren aurkako elkarte ultra-katolikoen beste kanpaina bat iritsi da Gasteizera, eta, abortuak egiten dituzten kliniken aurkako otoitzekin batera, oraingoan propaganda kanpaina bat izan da polemika piztu duena. Propagandisten Elkarte Katolikoak (ACdP) abortuaren aurkako kanpaina bat jarri du martxan, Espainiako Estatuko 32 hiritako markesinetan kartelak kokatuz.

"Abortatzeko kliniken aurrean otoitz egitea primeran dago", dio elkarte horren propagandak, eta honakoa gaineratzen du: "Mezu hori bertan behera gera daiteke Abortuaren Legearen erreformagatik". Izan ere, Espainiako Gobernuak legez debekatu nahi du jarduera hori, abortatzera doazen emakumeekiko jazarpena suposatzen duela iritzita. Propaganda ez da hor amaitzen: "Espainian 99.000 abortu baino gehiago egiten dira urtero. Abortuen aurrean otoitz egiten dutenen delitua bizitza hauetakoren bat salbatu nahi izatea da. Ez dugu asmatu, hau Jesusen istorioa da". 

Gasteizen kasuan, gutxienez bost markesinatan jarri dituzte kartelak. Hainbat elkarte eta norbanakok kanpaina salatu dute sare sozialetan, eta Elkarrekin udal taldeak kartelak "berehala" kentzea exijitu dio Udalari, "emakumearen erabakitzeko borondate askearen aurka egiteaz gain, gorrotoa eta diskriminazioa bultzatzen" dituelako.

Bere aldetik, Gasteizko Udalak kanpainak indarrean dagoen araudia betetzen ote duen aztertuko du. Udal araudiaren arabera, espazio publikoan jartzen den publizitatea "ezin da inola ere iraingarria edo diskriminatzailea izan"; kasu honetan, JC Decaux enpresa da arduraduna, hiriko markesinetako publizitatearen kudeatzailea baita.

Gasteizko Bataneko Ibilbidean kokatutako CEU Virgen Niña ikastetxeak ACdP elkartearekin lotura estua du. Izan ere, elkarte horren obra da, San Pablo CEU Unibertsitate Fundazioaren menpeko hamar ikastetxeetako bat den aldetik. Angel Ayala eta Angel Herrera Oriak 1908. urtean sortu zuten elkartea, "bizitza publikoaren apostolutzarako".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide