Mayumana Gasteizen izango da uztailean, jaien atarian

Erredakzioa 2022ko urt. 18a, 17:47
Mayumana konpainiaren 'Currents' ikuskizuna. / GASTEIZKO UDALA

Abenduko emanaldiak bertan behera uzteak piztutako polemikaren ostean, Mayumana Gasteizen izango da azkenean, uztailaren 29an, 30ean eta 31n sei emanaldi eskaintzeko. Udalak 10.040 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko du.

Gasteizko Udalak Israelgo Mayumana konpainiaren Currents ikuskizunaren hiru emanaldiak bertan behera utzi zituen Gabonetan, Covid-19ari aurre egiteko neurri murriztaileak zirela eta. Taldeak Udala salatu zuen kontratua ez betetzeagatik, eta, azkenean, 10.040 euroko kalte-ordainarekin eta data berri batekin konponduko da auzia; izan ere, Planeta Fama Produccionesek 60.000 euro inguruko galerak izan zituela salatu zuen.

Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok astearte honetan iragarri duenez, Mayumana Principal Antzokian izango da Gasteizko jaien atarian; zehazki, sei emanaldi eskainiko ditu hiru egunetan: uztailaren 29an, 30ean eta 31n; saio bikoitzak izango dira, 19:00etan eta 21:30ean.

Horrela, gasteiztarrek konpainia israeldarraren perkusio, dantza eta antzerki fisikoarekin gozatu ahal izango dute azkenean, razio bikoitzarekin gainera. Izan ere, abendurako programatutako saioetarako sarrerak oso azkar agortu ziren. Udalak erositako sarrerak itzuli zituen, eta herritar guztiek —abendurako sarrerak lortu zituztenek barne— berriro erosi beharko dituzte; hala ere, oraingoz ez dago salmentaren inguruko xehetasun gehiagorik.

Currents ikuskizuna

Jerusalemgo Argiaren Jaialdirako sortu zen Currents ikuskizuna, eta bi enpresaburu eta sortzaileren arteko ika-mika historikoan inspiratzen da: batetik, Thomas Alva Edison, korronte zuzenaren sortzailea; bestetik, Nikola Tesla, gaur arte erabili izan den korronte alternoaren sortzailea. Istorioaren ardatza den perkusioari soinu elektronikoak gehitu dizkio konpainiak, ikuskizuna nabarmen aberastuz.

XIX. mendearen bukaerako Korronteen Guduan oinarrituta, dantza eta perkusio hutsez, elkarren aurkako bi sektoreren bidaia izango dugu agertokian; bi estetika artistiko desberdin, argi eta soinu propioak dituzten bi aldeen arteko eztabaida. "Erritmoa, dantza, argiak, musika eta umorea uztartzen dituen koktela da ikuskizuna, ikus-entzunezko esperientzia aparta", azaldu du Udalak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide