Santa Agedan parte hartu nahi duten abesbatzek izena eman dezakete jada

Erredakzioa 2022ko urt. 18a, 12:00
Santa Ageda bezpera otsailaren 4an ospatzen da urtero. / ALEA

Gasteizko Udalak Santa Agedan parte hartzeko izen-ematea ireki du, eta abesbatza interesatuek otsailaren 3ko 12:00ak arte izango dute epea.

Hamazazpi egun falta dira urtero bezala otsailaren 4an ospatuko den Santa Ageda egunaren bezperarako, eta dagoeneko izena emateko epea ireki du Gasteizko Udalak. Partaideek opari txiki bat jasoko dute, ospakizun tradizional honetan parte hartzearen oroigarri.

Makilakaden erritmoak lagunduta santuaren martirioaren eta heriotzaren ohorezko koplak kantatzen hiriko kaleetan ibili nahi duten abesbatzek izena eman dezakete jada, otsailaren 3ko 12:00ak baino lehen. Horretarako, zenbait bide dituzte: Udalaren webgunean, gizarte etxeetako autotramitazio guneetan, Herritarrei laguntzeko bulegoetan (hitzorduarekin), eta telefonoz (010 edo 945 16 11 00 zenbakietan).

2020an, 32 abesbatzek parte hartu zuten Gasteizko Santa Agedako ospakizunetan, 2019an baino zazpi gehiagok. Abeslarien kopuruak ere nabarmen egin zuen, 1.267tik 1.595era.

Zergatik ospatzen dugu Santa Ageda?

Otsailaren 5ean da Santa Ageda, Agata Cataniakoaren omenezko eguna, eta otsailaren 4an, bezperan, ospatzen da urtero. Emakumeen zaindaritzat hartzen da Santa Ageda, eta ohitura da bezperan kopla zaharrak kantatzea eta makilekin lurra jotzea erritmoa markatzeko. Diru edo janari eskean, jantzi tradizionalekin eta kriseiluarekin kalera ateratzea da ohituraren parte.

Agata Cataniakoa

Santa Ageda edo Agate Deuna 235. urtean jaio zen Catanian, Sizilian. Tradizioak dioenez, Kintziano enperadorearen asmo eta nahiei aurre egin zien Agatak, eta horregatik hiltzera kondenatua izan zen 252ko otsailaren 5ean; bularrak moztu zizkioten eta hil arteko torturak sufritu zituen. Gerora, Eliza Katolikoak santu izendatu eta otsailaren 5a aukeratu zuen bera omentzeko.

Hala ere, ospakizuna kristautasuna zabaldu aurreko garaietan dago sustraituta. Aditu batzuen ustez, Agataren inguruko festek zerikusi handia dute inauteriekin, inauste edo kimatze garaiko erritoekin. Neguko solstizioaren ondoren, eguna luzatzen hasten denean, zuhaitz adarrak kimu berritzen hasten dira eta orduan izaten da zuhaitz adarrak inausteko garaia.

Naturaren esnatzea ospatzeko, mutilak kopla kantari ibiltzen ziren etxez etxe, janari eske; ondoren, bildutakoarekin afaltzen zuten mutil eta neska denek batera.

Kristautasuna Euskal Herrira zabaldu zenean, Santa Agata eguna ezarri zuen, beste ospakizun askorekin egin bezala. Elizak errito eta ospakizunak bereganatu eta itxura berri bat eman zien orduan. Erritu zaharren eta kristauen arteko nahasketak ekarri zuen gaur egungo ospakizuna.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide