Begi Belarri

Neguan eta udaberrian euskarazko bost dokumental eskainiko dituzte Oihanederren

Erredakzioa 2022ko urt. 18a, 10:30
Berri Txarrak taldeari buruzko 'Dardara' dokumentalak irekiko du zikloa. / MARINA LAMEIRO

Oihaneder Euskararen Etxean Dardara, Bolante baten historia, Urak aske, Neskak dantzara! eta Gure hots filmak eskainiko dituzte maiatzera bitartean. Urtarrilaren 19an, Berri Txarrak taldeari buruzko dokumentalak abiatuko du Begi Belarri zikloa.

GEU Elkarteak eta Oihaneder Euskararen Etxeak elkarlanean antolatutako Begi Belarri zikloaren neguko eta udaberriko programazioa aurkeztu dute. Maiatzera bitartean, euskarazko ikus-entzunezkoen emanaldiak eta solasaldiak antolatuko dira Oihanederren. Izan ere, saio bakoitzak bi atal izango ditu: alde batetik, film dokumentalaren proiekzioa; bestetik, solasaldia filmaren zuzendariarekin, istorioaren protagonistarekin edota jorratzen den gaiarekin lotutako hizlariekin.

Hilabete bakoitzeko azkenaurreko asteazkenean, 19:00etan izango dira emanaldiak. Gonbidapenak doakoak izango dira, eta astebete lehenago irekiko da horiek eskuratzeko epea, www.oihaneder.eus webgunearen bitartez.

Bost emanaldi

Denboraldiari hasiera emateko, bihar, urtarrilaren 19an, Marina Lameiro zuzendariaren Dardara dokumentala eskainiko dute. 25 urte taula gainean eman ondoren, Berri Txarrak taldeak geldialdi mugagabea iragarri zuen, ibilbide oparo bati etena jarriz. Geratu aurretik, baina, azken bira bat egiteko nahia adierazi zuten, mundu osoko zaleak merezi bezala eskertu eta agurtzeko. Bidaia horretan Lameiroren kamera izan zuten bidelagun, birak zaleengan sortutako dardara dokumental batean jasotzeko asmoz. Zinemagileak irudi koral bat eraiki du jarraitzaileen istorioekin.

 

Otsailaren 16an, Bolante baten historia filmaren txanda izango da. Jose Miguel Etxeberria Naparra, Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea 80ko hamarkadaren hasieran desagerrarazi zuten. Euskal Herriko gerra zikinaren testuinguruan, desagerpena bere gain hartu zuen Batallón Vasco Español (BVE) talde parapolizialak. Bere autoa Ziburun agertu zen, Jendarmeria baten aurrean. Aita jendarmeen deira joan eta kotxearekin zer egin nahi zuen galdetu ziotenean, bolantea autotik atera zuen. Amari agindu zion ez zela esku hutsik itzuliko.

 

Martxoaren 16an, Urak aske filmarekin egingo dute hirugarren emanaldia. Larrialdi klimatikoaren ondorioak jasaten hasi eta neurriak hartzea premiazkoa den honetan, bide horretan eman diren urratsen berri ematen du dokumentalak, baita bide horri ekiteak dituen ondorioak eta zailtasunak ezagutzeko aukera ere. Mendebaldeko gizarteek naturarekin duten harremanari buruz hausnartzeko aukera paregabea.

 

Apirilaren 12an, Neskak dantzara! dokumentala emango dute. Oñatiko korpus dantzetan emakumeak parte hartzeko eginiko prozesua eta emandako urratsak jaso nahi izan ditu Julen Iriondo kazetari oñatiarrak. 2018an lehen aldiz dantzatu zuten emakumeek Oñatin Korpus jaietan. Ordukoa pauso handia izan zela ikusita, testigantzak jasota gelditzea garrantzitsua zela ulertu zuen Iriondok; batetik, herriaren historiaren zati bat gordeta gelditzeko, eta bestetik, eredu bezala balio izateko.

Azken emanaldia maiatzaren 11an egingo dute, Gure hots filmarekin. Azken 40 urteetan euskal emakumeek lan munduan izan duten egoeraren erradiografia historikoa da, gaur egun zer nolako ondorioak eta eraginak sorrarazi dituen ikertzen duena. Dokumentalean Euskal Herriko hainbat emakumeren testigantzak jaso dituzte. 1980 eta 2020 urteen artean oinarritzen da, eta lau hamarkadako iritzi, bizipen eta errelatorekin saretua dago, zientzialari, idazle eta profesionalen ahotik.


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide