Ostegun honetan, Gasteizko Udalak 2021-2022 Enplegu Plana aurkeztu du, hiriburuko ekonomia suspertzeko 6,5 milioi euroko aurrekontu zuzkidura izango duen asmo handiko apustua. Erakundeen arteko konpromisoari esker, Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren bitartez, 5,67 milioi jarriko ditu, eta Udalak gainerako 850.000 euroak.
Plan berri honekin 710 enplegu sor litezkeela ziurtatu du Udalak, "eskariaren eta enpresek aurkezten dituzten kontratuen ezaugarrien arabera". Horretarako, planak bi partida biltzen ditu: bata izaera orokorrekoa, Eskualdeko Enplegu Planari dagokiona, eta bestea gazteei berariaz zuzendutakoa, Gazte Enplegu Planari dagokiona.
Eskualdeko enplegu plana
Alde batetik, Eskualdeko Enplegu Planak 4,8 milioi euroko aurrekontua izango du, eta bi jarduera ildo barne hartzen ditu: udal eremuko zuzeneko kontratazioak eta enpresa pribatuen kontrataziorako laguntzak.
Udal kontratazioa
Dagoeneko 2021eko abenduan abiatutako udal kontratazioari dagokionez, Udalak guztira 157 enplegu zuzen kudeatuko ditu toki eremuan, udal arlo eta entitateetan erabilera eta interes publikoko jarduerak garatzeko. Sei hilabeterako kontratuak izango dira, lanaldiaren %75ekoak, udal sail eta zerbitzuetan proiektuak garatzeko.
Parte-hartzaileek langabezian egon beharko dute, Lanbiden enplegu eskatzaile gisa izena emanda, eta udalerrian erroldatuta egon. Era berean, honako kolektiboren batekoak izan beharko dute: diru-sarrerak bermatzeko errentaren (RGI) titularrak edo onuradunak, luzaroko langabeak, 35 urtetik beherakoak, 45 urtetik gorakoak edo gizartetik baztertuta geratzeko arriskua duten pertsonak.
Gainera, Lanbidek baldintza hauek ezarri ditu: kontratatutako pertsona guztien %15, gutxienez, 55 urtetik gorakoak izatea; %30, gutxienez, diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak edo onuradunak izatea, eta parte-hartzaileen %40, gutxienez, emakumeak izatea.
Tokiko enpresentzako laguntzak
Bigarren jarduera-ildoa Gasteizko enpresa pribatuentzako kontrataziorako laguntzak dira. Guztira, 2,97 milioi euro bideratuko dira, bi helbururekin: hiriko enpresa-ehuna berreskuratzea eta enpresa pribatuan enplegua sustatzea. Era berean, eta lan merkatuan ekitatez sartzea sustatzeko, emakumeak kontratatzea erabakitzen duten enpresek %10 gehiago lortu ahal izango dute laguntzetan.
Horrela, Lanbiden izena emanda eta hirian erroldatuta dauden langabeak kontratatzen dituzten Gasteizko enpresek edo entitateek 1.500 eta 9.900 euro bitarteko laguntzak jaso ahal izango dituzte. Beraz, diru laguntza lerro horri esker sortutako lanpostuen azken kopurua enpresek aurkezten dituzten kontratuen ezaugarrien araberakoa izango da.
Kontratuek hiru hilabetekoak izan beharko dute, eta gutxieneko lanaldia %50ekoa izango da; diruz lagun daitekeen gehieneko epea, berriz, sei hilabetekoa izango da. Diruz lagundutako kontratua aldi baterakoa edo mugagabea izan daiteke, baina ez da onartuko prestakuntza edo ikaskuntza kontraturik.
Laguntzek atzeraeraginezko izaera izango dute, 2021eko uztailaren 1etik 2022ko martxoaren 1era arte egindako kontratuak onartzen baitira. Gainera, ez dago mugarik enpresa bakoitzeko diruz lagundu daitekeen kontratu kopuruari dagokionez.
Eskabideak gizarte etxeetan, San Martineko udal bulegoetan eta udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkez daitezke. Hiru epe ezarri dira enpresek eskabideak aurkezterik izan dezaten: 2022ko otsailaren 15era arte, 2022ko apirilaren 15era arte eta 2022ko ekainaren 10era arte; eskabidearekin batera, diruz lagun daitekeen aldiaren justifikazioa erantsi beharko dute.
Diru laguntzaren zenbatekoa zehazteko, bereziki kontuan hartuko da luzaroko langabeak, 55 urtetik gorakoak, 35 urtetik beherakoak eta DSBEa jasotzen duten pertsonak lanaldi osorako kontratatzea. Gainera, zenbateko guztiak %10 handituko dira emakumeak kontratatzen badira.
Gazteentzako enplegu plana
Bestalde, bigarren partida gazteei zuzendutako berariazko planari dagokio. 1,72 milioi euroko inbertsioa da, Gasteizko gazteen artean langabeziaren eragina arintzeko. Guztira, 58 lanpostu berri sortzea onartu da, lanaldi osoko hamabi hilabeterako kontratuen bidez, tokiko eremutik sustatuta eta Gasteizko Udalak zuzenean eginda, udal arlo eta entitateetan.
Plan hori abian jartzen den laugarren urtea da jada, eta 16 urtetik 30 urtera bitarteko gazteei zuzenduta dago, baldin eta langabezian badaude, oinarrizko erdi-mailako edota goi-mailako titulazioa badute eta lanbide prestakuntzarik ez.
Gazteentzako Enplegu Planak hainbat lanbide profil dituzten gazteak kontratatzea aurreikusten du, besteak beste, arlo hauetako prestakuntza dutenak: administrazioa, teknologia berriak, proiektuen kudeaketa, komunikazioa, giza baliabideak, web proiektuak, arlo juridikoa, arkitektura, ingeniaritza, ekonomia, hezkuntza, kultura programazioa, turismo sustapena, diseinua, marketina, hirigintza, ingurumena eta gizarte lana.
Interesdunek Gazte Bermerako Sisteman eta Lanbiden izena emanda egon behar zuten azaroaren 30a baino lehen, eta Lanbidek dagoeneko kudeatu ditu eskaintzak.
7,9 milioi euro enplegua sustatzeko
Enplegu Planaren inbertsioari Gasteizko Udalak laguntza propioen eta prestakuntza planen bidez bere kabuz egindakoari gehitzen zaio. Guztira, 7,9 milioi euroko aurrekontua dago 2022rako, eta Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak hirian enplegua sustatzeko baino ez du erabiliko.