Astelehenean, Gasteizko Olarizu auzoan eraikuntza lanetan zebilen 47 urteko behargin bat aldamiotik erori eta hil egin zen. Larrialdi zerbitzuetako anbulantzia bat bertaratu zen, baina ezin izan zuten langilearen bizitza salbatu. Hildako langilea Olarizu hiribideko eraikin baten fatxadako obretan lanean ari zen eta, hogei metroko erorikoaren ondorioz, unean bertan hil egin zen. LAR Servicios Auxiliares a la Construcción SL enpresarako —Construcciones Urrutia SL enpresaren azpikontrata— ari zen lanean.
Urteko lehen lan heriotza Araban
LAB sindikatuaren datuen arabera, 2021. urtean zehar, Euskal Herrian 62 langile hil ziren lan istripuz, horietako zazpi Araban. Astelehenekoa 2022an Araban gertatutako lehen lan istripu hilgarria izan da; bigarrena Euskal Herrian.
Eraikuntzaren sektoreko lan heriotzen aurrean, "instituzioen inplikazioa eta benetako prebentzio politikak izango dituen" plan espezifikoa eskatu du sindikatu abertzaleak, "arazoaren erroa prekarizazioa, azpikontratazioa eta sektore honetako lan baldintzak" direla iritzita.
CCOO sindikatuak "horrelako gertaerak berriro gerta ez daitezen behar diren neurriak" har ditzatela exijitu die enpresei eta administrazioari. "Gizarte aurreratu batek ezin du, eta ez du bere gain hartu behar, bizitza irabazteko egunero lanpostura joateko egunero bizitza jokoan jarri behar izatea", salatu du sindikatuak.