Urte berria, betiko indarkeria matxista. Bere adierazpenik latzenak Sara Pina 38 urteko emakumearen heriotza ekarri du. Astelehen goizean bere gorpua aurkitu zuten Tuteran (Nafarroa), labankadaz josita. Frantzian atxilotutako bere senarra da hilketaren ustezko egilea; une honetan, susmagarri nagusia da, zantzu guztien arabera.
Azken hilketa matxista hori —2022ko lehena— salatzeko, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak protokoloa aktibatu du eta mobilizazioak deitu ditu asteazkenerako eta ostegunerako, Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean. Gasteizko mobilizazioa 19:30ean izango da, Andre Maria Zuriaren plazan.