Erdi Aroko hirigunearen bihotzean dagoen Etxauri plazak Haurren Auzoa proiektua hartuko du laster. Izan ere, astearte honetan hasi dira lanak, Gasteiz Hobetuz partaidetza-prozesuaren barruan auzoko familia eta umeekin batera diseinatu ostean. Esku-hartzeak 570.013,76 euroko inbertsioa izango du, eta Promociones y Pavimentaciones Balgorza enpresa esleipendunak gauzatuko du.
Bertan sortuko den berdegunean jolas eskaintza zabala izango da: gaur egun dagoen ping-pong mahaia mantenduko da, eta, besteak beste, eskalada gune bat eta ipuin kontalarientzako espazio bat ere izango dira; azken hori landarezko hegal inklinatu batean kokatuko da, eta Gasteizko Mendietara begira egongo den balkoi ere izango da.
Gaur egun, Etxauri plaza zaharkituta dagoen eremua dela ondorioztatu du Udalak: oinezkoen joan-etorria oztopatzen duten parterreak, egoera txarrean dagoen saskibaloi kantxa bat, berritu beharreko haurrentzako jolasgunea eta bankuak... Gainera, eremu horren parean eta metalezko itxitura baten bidez bereizita, Erdi Aroko hiriguneko aparkalekua dago.
Hiru jolas eremu
Haurren Auzoa sortzeko esku-hartzearekin, gunea eraldatzeko hiru jolas eremu aurreikusi dituzte:
- Gune inklinatua: Gasteizko Mendietara begiratuko duen landare-hegal bat, itsasontzi-brankaren formako balkoi gisa. Proiektuak Europako lur gotorlekuak hartzen ditu erreferentziatzat —Kopenhageko Kastellet edo Errenteriako San Markos gotorlekua, besteak beste—. Egoteko eta erlaxatzeko eremua izango da, bankuekin, eta ipuin kontalarientzako gune gisa ere funtzionatuko du. Alboetatik arrosa-landare ederrek inguratuko dute.
- Egurrezko horma: egungo metalezko hesiaren ordez, egurrezko horma bat jarriko da parkea eta aparkalekua bereizteko. Hesiaren inguruan hainbat jolas jarriko dira: eskalada egiteko sokak, hormaren kontra jarritako txirristak, enborrak eta oreka egiteko harriak… Zoruak, gainera, gomazkoak izan ordez enbor azalezkoak izango dira, jasangarriagoa baita.
- Erdiko gunea: antzokiaren eta hormaren arteko eremuaren zati bat zolatu egingo da, eta erdian lorategi bat ere jarriko da, arrapalez inguraturik. Bertan, zumezko habia bat eta enborrekin egindako espiralak jarriko dira, oreka jolasak egiteko. Eremu horretako hegal txikietan sokak jarriko dira, gora eta behera ibiltzeko. Zolatutako eremuak, berriz, ping-pong mahaia eta saskia barne hartuko ditu, azken hori zuhaitz moduan antolatutako hiru uztairekin.
Horrez gain, altzariak, aulkiak, bankuak eta zuhaitzak jarriko dituzte. Era berean, Etxanobe Lorategian tirolina bat instalatuko da, Ramon Bajo ikastetxeko haurren proposamenez.