Principal Antzokian izango dira Itziar Ituño, Tanttaka Teatroa, Blanca Portillo eta Pepe Viyuela

Erredakzioa 2022ko urt. 11a, 12:06
Tanttaka Teatroa konpainiaren 'Semea pixka bat motelago dabil soilik' antzezlana. / ALEA

Urtarriletik apirilera bitartean, 47 ikuskizun eskainiko ditu Udalaren Antzoki Sareak. Antzerkia, musika, dantza eta, besteak beste, Itziar Ituño, Tanttaka Teatroa, Blanca Portillo, Pepe Viyuela, Quique Gonzalez eta Ruper Ordorikaren proiektu berriak izango dira oholtza gainean.

Udalaren Antzoki Sareak 2022ko neguko denboraldian eskainiko dituen 47 ikuskizunetatik, 35 Principal Antzokian egingo dira, urtarriletik apirilera bitartean. Horrez gain, gizarte etxeek beste hamabi hitzordu hartuko dituzte, Jim Aktual, Ikuskizuna Ibaiondon eta XXI. Mendeko Flamenkoa zikloen barruan.

Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok eta Udalaren Antzoki Sarearen arduradun Marta Monfortek astearte honetan aurkeztu dute urteko lehen urtaroko programazioa. "Egoera gorabehera, oso denboraldi indartsua eskainiko dugu, era guztietako ikusleentzako askotariko formatuez osatua. Aktore, zuzendari eta musikari handiak etorriko dira, baita dantza konpainiak ere, horietako batzuk nazioartekoak; horiek neguko hilabeteak hobeto eramaten lagunduko digute, zalantzarik gabe, kultura erabat segurua baita", nabarmendu du Cantok.

Abonamenduak urtarrilaren 24an eta 25ean jarriko dira salgai. Abonamendu irekiak, berriz, urtarrilaren 27tik aurrera, aurretik hitzordua eskatuta. Sarrera solteak, urtarrilaren 28tik aurrera. Bi salbuespen izango dira, bi emanalditarako sarrerak lehenago jarriko baitira salgai: Quique Gonzalezen kontzertua eta Euskadiko Orkestraren Zirkus; sarrera horiek urtarrilaren 18tik aurrera erosi ahalko dira. Halaber, Les Luthiersen ikuskizunerako eta Kontzertu Handiak zein XXI.  Mendeko Flamenkoa zikloetarako sarrerak abendutik daude salgai.

Antzerkia

Helduentzako antzerki abonamenduari dagokionez, izen handiko aktore, gidoilari eta zuzendarien zortzi proposamen izango dira. Denboraldia El Tartufo de Moliere lanak irekiko du, otsailaren 4an; Ernesto Caballerok egokitu eta zuzendu du, eta Pepe Viyuela da protagonista.

Otsailaren 18an, Sam Sepharden True West lan ospetsuaren txanda izango da; Eduardo Mendozak egin du bertsioa, eta Pablo Derqui eta Tristan Ulloa dira protagonista nagusiak.

Otsailaren 25ean, La Panadera lana ikusi ahal izango da. Sare sozialen ondorioei buruzko istorio hau gaur egungo antzerkigile nabarmenen artean dagoen Sandra Ferrusek idatzi eta zuzendu du.

Martxoaren 5ean, berriz, eszenako bi izen handi etorriko dira Principal Antzokira: Juan Mayorgak Blanca Portillo zuzendu du hainbat lanetako —Antígona, La casa de Bernarda Alba eta La vida es sueño, besteak beste— isiltasunean barrena eramango gaituen Silencio lanean.

Estatu mailako beste antzerkigile handienetako bat, Carolina Africa, Arabako hiriburuan izango da ere: Zentro Dramatiko Nazionalak gonbidatutako zuzendarietako bat da, eta martxoaren 18an eta 19an iritsiko da, Cuaderno de Pitágoras proiektuarekin.

Bestalde, Tanttaka Teatroa konpainia ere bere azken lana aurkeztera itzuliko da, martxoaren 23an euskaraz eta 24an gaztelaniaz: Semea pixka bat motelago dabil soilik. Testu horrek arrakasta handia izan du Buenos Airesen, eta oraingoan Fernando Bernuesek zuzendu du hamar aktorek osatutako taldea; horien artean, Ane Gabarain eta Mireia Gabilondo.

Steven Berkoff egile handiaren Decadencia lanak borobilduko du helduentzako abonamendua, apirilaren 2an. Pedro Casablanc eta Maru Valdivielso aktoreak Mario Gasen zuzendaritzapean arituko dira.

Azken antzerki proposamena La Joven konpainiaren eskutik etorriko da, abonamendutik kanpo. Talde hori behin baino gehiagotan agertu da Gasteizko antzerki programazioan, bere muntaia garaikide, apurtzaile eta konprometituekin. Eskola funtzioez gain, Fuego, mapa de una Europa en ruinas lanaren funtzio irekia eskainiko du apirilaren 5ean.

Euskarazko ikuskizunak

Udal Antzoki Sarearen euskarazko eskaintzari dagokionez, abonamenduaren barruan Tanttaka Teatroa konpainiak aurkeztuko duen lanaz gain, beste bi lan programatu dira. Otsailaren 10ean, Hika Teatroa konpainiaren La Tarara, Agurtzane Intxaurragak zuzendua eta, besteak beste, Itziar Ituño protagonista duena. Apirilaren 12an, Entre copas film ezagunaren bertsioa, Kopaz Kopa, komedia itxuraz "zuri, dibertigarri eta lasaia", Garbi Losadak eta JosE Antonio Vitoriak zuzendutakoa.

Dantza

Gasteizko publikoak goi mailako hiru konpainia bikainez eta lengoaia koreografiko desberdinez gozatu ahalko du, dantza abonamenduari dagokionez.

Otsailaren 12an, Jesus Rubio Gamo etorriko da, gaur egungo koreografo abangoardistenetako bat, etorkizun handikoa, bere Gran Bolero berezia aurkeztera. Martxoaren 4an, Maria Pagesek bere azken lana aurkeztuko du, Paraíso de los negros; aparteko egikera artistikoa duen koreografo handia da, flamenkoaren eta antzerki-dramaturgiaren artean dabilena. Apirilaren 9an, azkenik, Malandain Ballet Biarritz konpainiak programa bikoitza ekarriko du: Sirènes, Martin Harriaguerena eta Sinfonía, Thierry Mallandainena.

Musika

Noski, musikak protagonismo handia izaten jarraituko du, bai musika klasikoak, bai popak eta baita beste genero batzuek ere. Guztira, askotariko hamalau kontzertu izango dira Principal Antzokian.

Quique Gonzalezek bere azken diskoa aurkeztuko du otsailaren 5ean. Les Luthiers martxoaren 11n, 12an eta 13an etorriko dira Gasteizera, Viejos Hazmerreíres ikuskizuna eskaintzera. Eta Ruper Ordorikak Hautsi da amphora lan berria aurkeztuko du martxoaren 25ean, Korrikaren eta Loraldia jaialdiaren barruan.

Horri Kontzertu Handien Zikloko lau emanaldiak gehitu behar zaizkio. Neguko Disdirak kontzertuak irekiko du programa, otsailaren 19an: Idoia Asurmendik eta Eñaut Elorrietak bertsio sinfonikoak egingo dituzte, Fernando Velazquezen zuzendaritzapean. Apirilaren 7an, Jordi Savallek eta lagun dituen musikariek Todas las mañanas del mundo izenburua duen programa barrokoa eskainiko dute. Maiatzaren 27an, Carlos Menak bisitatuko du Principal Antzokia, Forma Antiqua musika taldearekin batera, El jardín de Farinelli programa eskaintzera. Azkenik, Camerata Ireland orkestrak itxiko du 2022ko zikloa, ekainaren 1ean, Barry Douglas pianista eta zuzendari handiaren zuzendaritzapean; Mozart eta Beethovenen obrez osatutako programa erakargarria interpretatuko du.

Udal Musika Bandak, berriz, hiru kontzertu eskainiko ditu: Desideratum, urtarrilaren 26an, Pablo Urbinaren zuzendaritzapean; Ad infinitum, otsailaren 9an, eta Errare humanum est, martxoaren 16an, biak Luis Orduñak zuzendurik. Horrez gain, Euskadiko Orkestrak lau kontzertu emango ditu 21-22 denboraldiko abonamenduaren barruan.

Familientzako ikuskizunak

Publiko berriak erakartzeko ahaleginaren barruan, familiei zuzendutako lau ikuskizun izango dira, antzerkia, dantza, clown eta zirkua oinarri: Beethoven para Elisa, Victor Ullate Juniorrekin, otsailaren 13an; FormaS, Zigzag Danzaren eskutik, otsailaren 20an; La tal teatro taldearen Italino gran hotel, martxoaren 20an; eta Parade el circo de los valientes, La Maquiné taldearekin, martxoaren 27an.

Euskadiko Orkestrak ere bat egin du asmo horrekin, eta familientzako bi proposamen eskainiko ditu: Zirkus, urtarrilaren 30ean, Federcio Garcia Lorca antzokian; eta Botadun katua, apirilaren 10ean Principal Antzokian.

Udal Musika Bandaren beste bi kontzertuk osatuko dute abonamendu hori: The New Orleans a Abbey Road, martxoaren 6an, eta  Zirku Soinua, apirilaren 3an.

Gizarte etxeak

Azkenik, Gasteizko gizarte etxeetako antzokietan, goi mailako hiru ziklo eskainiko dira: Jim Aktual, Ikuskizuna Ibaiondon eta XXI. Mendeko Flamenkoa.

Jim Aktualek hiru lan oso desberdin aurkeztuko ditu: Zanguango Teatro konpainiaren Sólo Críos, Críos solos lana, otsailaren 24an, immigrazioa hizpide; Ventrículo Veloz konpainiaren Dados lanak nerabeen identitate sexualaz eta genero disforiaz arituko da, martxoaren 18an; Vanessa Espinen Un animal en mi almohada lanak indarkeria matxistari buruz hausnartuko du, apirilaren 7an.

Ikuskizuna Ibaiondon zikloak hiru hitzordu proposatuko ditu: otsailaren 11n, Club Caníbal taldeak Algún día todo esto será tuyo plazaratuko du; martxoaren 11n, Hoy puede ser mi gran noche komedia musikala iritsiko da, Teatro en Vilo konpainiaren eskutik; eta apirilaren 1ean, La Calórica taldeak bere arrakasta handietako bat aurkeztuko du, umorez eta salaketaz betetako FairFly.

Aurreko biei XXI. Mendeko Flamenkoa zikloa gehitu behar zaie: urtarrilaren 29an abiatuko da, Esperanza Fernandezekin, eta jarraian hauek arituko dira: Maria Terremoto, otsailaren 12an; Luis Moneo, otsailaren 26an; Perico El Pañero eta Jose Canela, martxoaren 12an; eta Pedro El Granaíno, martxoaren 26an. Saioak Jesus Ibañez de Matauko antzokian izango dira, 19:30etik aurrera.


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide