Iramo, Arabaren ahotsa 'Chaos in the Basque Country' bilduman

Mikel Buruaga 2022ko urt. 11a, 10:30
Ander, Garazi, Desko, Borja eta Aiert, Iramo taldeko kideak. / CHAOS IN THE BASQUE COUNTRY

Chaos in the Basque Country bilduman Euskal Herriko Oi! eszenako hamahiru talde bildu dituzte TAE Records zigiluak eta Zalduntxoen Biltzarrak. Horien artean, Iramo talde gasteiztarrak egin du ekarpena Arabatik, Amerria abestiarekin.

2020an pandemiaren atarian argitaratutako Kaosa Euskal Herrian bildumaren ostean, Tough Ain't Enough Records zigiluak, Zalduntxoen Biltzarra topaguneak eta Smoke Signals estudioak Euskal Herriko punk eta Oi! eszenaren uztarik onena bildu nahi izan dute berriz ere, 2021eko azaroan plazaratutako Chaos in the Basque Country bildumarekin.

Tokian tokiko hainbat eszenaren erakusleiho izan ohi den Chaos in... etiketa mitikoaren pean, hamahiru talderen argitaragabeko abestiak bildu ditu TAE Recordsek KD zein LP binilo formatuan argitaratutako lana sortzeko —600 kopia binilo tradizionalean (300 beltz, 100 gorri, 100 zuri eta 100 berde) eta 300 picture LP formatuan—. Diskoarekin batera, gainera, poster bat eta hamasei orrialdeko fanzine bat topa dezakegu.

Amerria abestiarekin ekarpena egin duen Iramo talde gasteiztarrarekin batera, Euskal Herriko beste sei lurraldetako Rotten XIII, Sta. Cruz, Tatxers, Kolpeka, Blessure, Irmo, Orreaga 778, Kaleko Urdangak, Atturri, Revertt, Oldarkor eta Doubling Boys taldeek parte hartu dute bilduman.

Pixkanaka, Oi! ingelesaren eta punk melodikoaren soinu klasikoenei itsatsita eta Gilen O.F.R. Only For Revolution soinu-teknikariaren laguntzarekin, ibilbide sendoa osatzen ari da Iramo taldea. 2019an beren lehen lana kaleratu zuten gasteiztarrek: Gasteiz Oi! izeneko EPa, lau kantaz osatua. Ondoren, 2020aren hasieran, Kaosa ereserkia sortu zuten Kaosa Euskal Herrian bildumarako; orduan ere, Araba ordezkatzeko ardura hartuta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide