Gasteizek iCOFF zinema jaialdi berria hartuko du apirilean

Erredakzioa 2022ko urt. 10a, 18:06
Kepa Sojo eta Sonia Palacios, iCOFF jaialdiaren zuzendari artistikoak. / VITAL FUNDAZIOA

Munduko film labur onenak Gasteizera hurbiltzeko asmoarekin sortu dute iCOFF jaialdia. Apirilaren 4tik 9ra ospatuko da lehen edizioa, Kepa Sojo eta Sonia Palacios zuzendari artistikoen eskutik.

2022tik aurrera, Arabako hiriburua Film Laburren Nazioarteko Jaialdi berri baten egoitza izango da: iCOOF Gasteiz. Zinemaldi berri honen atzean Arabako zinemagintzaren bi aurpegi ezagun daude, Kepa Sojo eta Sonia Palacios baitira zuzendari artistikoak. Biek ala biek eskarmentu handia dute zuzendaritzan, gidoigintzan, ekoizpenean eta kultura ekitaldien antolaketan; besteak beste, Amurrioko Begibistan (2007-2011) edo Gasteizko Cortada (2009-2020) jaialdietan.

Aurten, Vital Fundazioaren babesletzapean, apirilaren 4tik 9ra bitartean ospatuko du bere lehen edizioa, munduko film labur onenak hurbildu eta epe laburrean estatu mailako erreferentzia bihurtzeko asmoarekin.

Antolatzaileen ustez, jaialdiari esker Gasteizek urrats berri bat egingo du munduko zinema panoraman jartzeko, hiria nazioarteko zinemagileentzako filmaketa plato izan dadin. Izan ere, nazioarteko zinemagintza erakarri eta hiria kanpora proiektatzeko plataforma gisa irudikatu dute jaialdia. "Ohikoa da film laburren zuzendari asko film luzera pasatzea eta euren istorioak filmatzeko agertoki egokien bila ibiltzea. Gasteizek eta Arabak filmaketak hartzeko duten ahalmena handia da, aurreko urteetan frogatu den bezala", azpimarratu dute.

Bi sail: nazioartekoa eta bertakoa

Lehen edizioan, lehiaketaren nazioarteko atala informatiboa izango da; hau da, jaialdirik onenetan zein saririk entzutetsuenetan gehien saritutako film laburren aukeraketa bat eskainiko da. Bigarren ediziorako, ordea, lehiaketaren ardatz izango den nazioarteko sail bat izatea aurreikusi dute, eta zuzendariei Gasteizera etortzeko gonbita egingo zaie.

Nolanahi ere, lehen edizioak sail ofizial bat izango du, eta estatu mailako film laburrak lehiatuko dira: 30 minututik beherako fikzio, dokumental eta animazio lanak onartuko dira. Horrekin batera, Euskotarrak izeneko atalean, euskarazko film laburrak sustatu eta tokian tokiko lanetarako gune propioa eskainiko da; Araban egindako lanak Arabarrak sailean ikusi ahal izango dira.

Zinegileen topagune

Sail ofizial horietan egingo diren emanaldiez gain, zinemaldi berriak film laburren zuzendariak protagonista izango dituzten solasaldiak ere izango ditu, proiekzioen ostean. Izan ere, zuzendariek lehen eskutik hitz egingo dute beren lanei buruz. Gainera, hainbat jarduera paralelo izango ditu jaialdiak, gure hiria bisitatuko duten ikus-entzunezkoen munduko pertsona ospetsuen eskutik; adibidez, publiko ororentzako hitzaldi irekiak.

Sariak

iCOFF Gasteiz jaialdiak guztira 7.500 euro banatuko ditu sarietan, lehiaketako kategoria guztien artean:

  • iCOFF Gasteiz sari nagusia: 2.500 euro eta garaikurra.
  • Fikzio onena: 1.000 euro eta garaikurra.
  • Dokumental onena: 1.000 euro eta garaikurra.
  • Animazio onena: 1.000 euro eta garaikurra.
  • Euskal film labur onena: 500 euro eta garaikurra.
  • Euskarazko film labur onena: 500 euro eta garaikurra.
  • Arabako film labur onena: 500 euro eta garaikurra.
  • Publikoaren saria: 500 euro eta garaikurra.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide