Astebete falta da San Antoneko zozketarako txartelak erosteko

Erredakzioa 2022ko urt. 10a, 12:09
Berritasun gisa, txartelak erosteko stand bat jarri da Loma Jeneralaren plazan. / G.U.

Azken egunak dira San Anton eguneko zozketarako txartelak erosteko, Loma Jeneralaren plazan dagoen standean eta beste puntu batzuetan. Guztira 4.500 euroko balioa duten hamar sari banatuko dira irabazleen artean.

Ezkur-txerri iberikoaren produktu sorta, bi pertsonarentzat bidaia Oporto eta Portugal iparraldera, txangoa Miguel Delibesen Valladolidera, sukaldeko robota, bizikleta, Principal Antzokiko denboraldiko bi abonamendu, ordenagailu eramangarria, liburuak erosteko bonoa, bi pertsonarentzako dastatze-menua eta Laboral Kutxa Plus etxebizitza asegurua urtebeterako.

Askotariko hamar sari banatuko dira aurten Gasteizen, guztira 4.500 balioarekin, San Anton eguneko zozketaren bitartez. Horretarako, zazpi egun falta dira Loma Jeneralaren plazan dagoen standean edo hiriko beste leku batzuetan —San Prudentzio egoitzan, gizarte etxeetan, Azoka plazan, La Union tabernan, La Peña Dulce gozotegian, Hebillas azokan edota Euskadiko Kutxaren sukurtsaletan— txartelak erosteko; izan ere, azken eguna urtarrilaren 17a izango da, datorren astelehena alegia.

Azken txanpa honetan ere, egunero 11:30etik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara egongo da irekita postua. Azken egunean, berriz, 17:30ean itxiko da, egun horretan izango baita zozketa, 18:00etan udaletxean. Gasteizko Udalak 30.000 txartel jarri ditu salgai, 60 zentimoko prezioan. Bildutako dirua San Prudentzio egoitzari emango zaio.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide