Negua iritsi, Gabonak amaitu eta urtaro berriko programazioa ailegatu da Oihaneder Euskararen Etxera, euskarazko proposamen ugarirekin. Urtarrilaren 10etik aurrera eta martxoaren 31ra arte, askotariko jarduerak antolatu dituzte publikoa euskal kulturara erakartzeko helburuarekin.
Lehenik eta behin, musikari dagokionez, hiru kontzertu izango dira neguan zehar: urtarrilaren 27an, osteguna, Antuxuna ta Patx; otsailean eta martxoan, berriz, Sara Azurza eta Mila Modu izango dira Oihanederreko oholtzaren gainean, Eskilarapeko Soinuak deialdiaren barruan; horrez gain, Egin leku! deialdiaren baitan, Arthur ere arituko da otsailaren 3an.
Bestalde, mikro-antzerkia ere ez da faltako, eta Taulara lehiaketaren antzezlan irabazleen aurkezpena egingo da martxoaren 27an. Araban euskal kulturaren sormen esparrua sustatzeko TopAraba egitasmoaren deialdi berria ahaztu gabe, noski.
Horrez gain, lau ikuskizun hartuko ditu Oihanederrek neguko denboraldi honetan: Komunetik, Hatz(a)marka kolektiboaren eskutik, urtarrilaren 23an; Kantatu, maitatu eta zalantza, Anari Alberdi eta Iñigo Astizen lana; Euskal literaturaren historia sobrenatural bat, Irati Jimenezen eskutik; eta Jon Ander Urrestiren Tribiz, baserri galdue.
Formakuntza ere ez da faltako, eta gutxienez bi ikastaro hartuko ditu Euskararen Etxeak: alde batetik, urtarrilaren 12an, Hezi-Ola: aisialdia, hiri hezitzailearen oinarri, Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuak, Gasteizko Berritzeguneak, Oihaneder Euskararen Etxeak eta UEUk elkarlanean antolatua; bestetik, Hala Bedi irratiaren Izan Media herri komunikazio tailerrak, urtarrilaren 21ean.
Gainera, Nortasuna + erakusketa ere bisitatu ahal izango da, Euskal Keramikagile Garaikideak elkartearen eskutik, euskara eta euskal identitatea oinarri. Eta, lehiaketei dagokienez, Game Erauntsia elkarteko lagunek Minecraft mini-joko liga online antolatuko dute Oihanederren; ohi den bezala, liburuen eta diskoen zozketak ere ez dira faltako sare sozialetan.
Filmak eta dokumentalak ere presente izango dira denboraldi honetan: urtarrilaren 11n, Michael Hanekeren Happy end filma euskarazko azpidatziekin ikusi ahal izango da; urtarrilaren 19an, Berri Txarrak eta Gorka Urbizuri buruz Marina Lameirok zuzendutako Dardara dokumentala emango dute; otsailaren 1ean, Stop-Zemilia filmaren txanda izango da. Data zehaztu gabe oraindik, otsailean eta martxoan zehar, Gosetiak eta Emakumea filmak eskainiko dituzte Filmazpit programaren barruan, eta Urak dokumentala Begi-Belarri zikloaren barruan.
Azkenik, hainbat aurkezpen izango dira neguan zehar: Etxepare, jalgi hadi batura, Xabier Amurizaren liburua; Eragiteko janzten jardunaldiak; Korrikaren aurkezpen soziala; eta Euskara Gasteizen Landuchiotik hizkuntza aniztasunera, Ruben Sanchezen eskutik.
Segurtasun protokoloa
Jarduera guztietan, Covid-19ari aurre egiteko neurriak bermatuko ditu Oihanederrek. Alde batetik, webgunea etengabe eguneratuta mantenduko dute behin betiko informazioarekin, azken orduko egokitzapen guztien berri emateko. Bestalde, ekitaldi guztietan nahitaezkoa izango da musukoaren erabilera, baita Covid ziurtagiria erakustea ere.
Halaber, jarduera guztiak doakoak izango badira ere, gonbidapenak aurrez eskatu beharko dira ohiko bideak erabilita: oihaneder@oihaneder.eus helbide elektronikora idatziz, telefono bidez eskatuz edota Bibe plataformaren bidez. Salbuespenak salbuespen, astebeteko aurrerapenaz jarriko dira eskuragarri.
