Agirrelandako komisarian poliziaren auto elektrikoak kargatzeko zazpi kargagailu jarriko ditu Udalak. Horretarako, baina, dagoen azpiegitura aldatu beharko du, bai eta komisariaren energia ahalmena handitu ere.
Etorkizunean gaur egun komisarian egiten duen energia kontsumoa halako sei izango dela aurreikusi du lanetarako proiektua idatzi duen Luis Javier Barbero ingeniariak.
Gaur egun 100 kilowatt inguru kontsumitzen da komisaria horretan. Baina kontsumoak biderkatuko dira. Izan ere, 120kW-eko potentzia du kargagailu nagusiak, eta 22kW-ekoa gainerako sei txikiagoek. Lehen fase baterako 350kW-eko kontsumoa aurreikusi badute ere, bigarren fase batean kargagailu gehiago jarriko dituztela aurreratu dute. Horretarako 604kW-eko potentzia beharko dute.
Azpiegitura hori ahalbidetzeko lizitazioa martxan jarri du udalak, eta horretara 317.799 euro bideratuko ditu. Datorren ostiralean lan horiek eskuratu asmo dituzten enpresek Agirrelandako komisaria bisitatu ahalko dute, egoeraren berri izateko.
Iazko ekainean udalak iragarri zuen zazpi ibilgailu elektriko eta zazpi hibrido jarri nahi zituela Udaltzaingoaren esku, renting modalitatean. Orduan, Maider Etxebarria alkateordeak ziurtatu zuen Espainia osoan ez dagoela "patruila ibilgailuetan mugikortasun iraunkorraren eta emisioak murriztearen alde hain apustu irmoa egin duen beste udaltzaingorik".
Hamalau auto horiez gain, diesel lurrorotako bat izango dute udaltzainek. Bi urteko renting kontratu horretarako, 1.065.600 euro bideratu dituzte. Auto elektrikoen kasuan, ekainerako espero dute horiek jasotzea.