Igandean berreskuratuko du Artiumek zinema feministaren programa

Erredakzioa 2022ko urt. 7a, 15:06

Helke Sanderen filmarekin zabalduko dute programa. ARTIUM

Helke Sanderen Die allseite redurziete persönlickeit - Redupers film historikoarekin zabalduko dute ziklo berria.

Artium Museoak Hasieratik. Zinema feministaren historiak zikloaren edizio berri bati ekingo dio igandeon,  Helke Sanderen Die allseite redurziete persönlickeit - Redupers –Nortasunaren murrizketa integrala-Redupers– film historikoarekin. Sanderrez gain, 2022ko lehen hiruhilekoan, Heiny Srour-en, Marguerite Durasen eta Alice Diopen filmak proiektatuko ditu zikloak.

Hasieratik zikloaren helburua emakumeek hasiera-hasieratik izan duten protagonismoa erakustea da, eta zinemagile horiek eta haien filmak ezagutaraztea, "zinema kanonikoaren historiatik kanpo geratu diren errealitateak, aldarrikatzea ezinbestekoa dutenak". Hainbat adituk aurkeztuko dituzte emanaldiak, eta zuzendari bakoitzaren unibertso zinematografikoa azalduko dute hilean behin.

Saioak museoko Auditoriumean izango dira hilabete bakoitzeko lehen igandeetan (urtarrilean izan ezik, bigarren igandean izango baita) arratsaldeko seietan. Edukiera mugatua da eta 945 20 90 20 telefonoan erreserbatu behar da. Hasieratik. Zinema feministaren historiak zikloa Artium Museoaren eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren arteko lankidetza da. Lur Olaizola da zikloaren komisarioa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago