Ostegun honetan Eldiario.es hedabideak argitaratu duenez, 48 ordu eskasetan positibo bakarra izatetik gutxienez hamaika izatera igaro da Gasteizko Sanitas egoitzako agerraldia. Hedabide horrek zentroko iturrien bitartez baieztatu du kasu guztiak asintomatikoak edo sintoma arinekoak direla; gainera, guztiek txertaketa jarraibide osoa zuten —hirugarren dosia barne—, baina bi egoiliarren kasuan ez dute antigorputzik sortu.
Berrogeialdia egoitzan bertan betetzen ari dira egoiliarrek, zaintzapean, eta ez dute ospitalera joan beharrik izan. Nolanahi ere, bisitak murriztu zaizkie, prebentzio neurri gisa.
Zentro hau 2020ko otsailean eta martxoan Covid-19 positiboak erregistratu zituen lehen egoitza da. Alarma egoera indarrean sartu baino askoz lehenago ezarri behar izan zuen berrogeialdia, Espainiako Estatu osoan neurri hori hartu zuen lehena izanik. Agerraldiak ekainaren 5era arte iraun zuen, eta denbora horretan 69 positibo eta 19 hildako utzi zituen egoiliarren artean, langileen kasuan zenbatu gabe.
2021eko ekainean, zazpi kasu atzeman zituzten (sei egoiliar eta profesional bat) hildako bat utzi zuen beste agerraldi batean.