Ostegunean itzuliko da Gabonetako Nekazaritza Azoka, 64 posturekin

Erredakzioa 2021ko abe. 21a, 12:45

Ezohiko forma hartu behar izan zuen iaz Gabonetako Azokak. / GASTEIZKO UDALA

Gabonetako azoka tradizionala ostegun honetan, abenduaren 23an, 9:00etan irekiko da, eta 15:00ak arte Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako nekazaritza eta artisautza produktuak erosi ahal izango dira Plaza Berrian jarriko diren 64 postuetan.

Covid-19aren pandemiaren ondorioz, iaz Arabako ekoizleek baino ez zuten parte hartu Vital Fundazioak antolatutako Gabonetako Nekazaritza Azokan. Aurten, ordea, Plaza Berrira itzuliko dira Hego Euskal Herri osoko ekoizleak; orotara, 64 postu jarriko dira hilaren 23an, Gabon Gauaren bezperan, 9:00etatik 15:00etara bitartean.

Azoka tradizionala sei hamarkada luzez egin izan da Gasteizen, eta aurten ere erabateko normaltasuna berreskuratzea ezinezkoa izango bada ere, euskal ekoizleek ez dute hitzordura hutsik egingo.

Nolanahi ere, Vital Fundazioak indarrean dauden osasun gomendioetara egokitu du ekitaldia: postuen artean 2,5 metroko distantzia izango da, eta hamar metro egongo dira postuak kokatzeko eratuko diren hiru eraztun zentrokideen artean —iazko formatuaren antzera—. Plazak hiru sarrera eta irteera izango ditu, eta horietako bakoitzean hesien bidez bereizitako sarrera gune eta irteera gune mugatuak jarriko dira. Zenbait langilek bisitarien zirkulazioa gainbegiratu eta pilaketak saihesteko informazio lanak egingo dituzte.

Produktuak

Lau postuk eskainiko dituzte haragiak eta hestebeteak, beste lauk kontserbak, beste hiruk frutak, barazkiak eta ortuariak, zortzik likoreak, ardoak eta olioak, bost postutan eztia eta eratorriak, seitan bestelako elikagaiak, hamaseitan ogia, gozogintza eta gozokiak, eta zazpitan gaztak; bestalde, artisautza produktuak eskainiko dituzten beste sei postu ere izango dira.

Erronka Garbia ziurtagiria

Bigarren urtez jarraian, Gabonetako azokak Erronka Garbia - Ingurumen aldetik jasangarria den ekitaldia ziurtagiria izango du, mota horretako ekitaldi batek ingurumenean izan dezakeen eragin negatiboa minimizatzeko. Izan ere, ingurumen aztarna murriztu nahian diseinatu da ekitaldi osoa.

Gainera, Vital Fundazioak aldez aurretik banatutako 10.000 poltsa konpostagarri izango dituzte saltzaileek, salmentekin banatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago