Covid-19ak eragindako osasun krisiaren datu txarrek markatutako bigarren Gabonen atarian, Olentzero eta Mari Domingiren desfilea luzatzea erabaki du Gasteizko Udalak, jende pilaketak saihesteko helburuarekin. Izan ere, ibilbidea luzatzearekin publikoa erosoago banatzea ahalbidetu nahi dute, segurtasun handiagoa bilatuz.
Abenduaren 24ko 18:00etan, Iparralde gizarte etxetik abiatuko dira pertsonaia ospetsuak. Ondoren, Legutianoko atetik, Frantzia kaletik eta Bake kaletik igaroko dira, baita Ortiz de Zarate kaletik eta Florida kaletik ere. Bi kilometroko ibilbidea egin ostean —ohiko ibilbidean baino 700 metro gehiago—, desfilea Florida eta San Antonio kaleen arteko bidegurutzean amaituko da.
Halaber, ekitaldia ikusi nahi duten herritarrei jende pilaketak saihesteko eta jende gutxien dagoen lekuetara joateko dei egin die Udalak, hala nola Ortiz de Zarate eta Florida kaleetara. Gainera, desfilean dauden pertsonei une oro maskara jantzita eramateko eskatuko diete antolatzaileek.