Sarrerak agortu ditu Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen 'KuiKui' ikuskizunak

Erredakzioa 2022ko urt. 3a, 10:00
Iradier Arenan izango dira gaur pailazoak. KATXIPORRETA

Bi emanaldi eskainiko dituzte pailazoek astelehen honetan Gasteizko Iradier Arenan: 11:15ean eta 18:15ean.

Sarrerak aspaldi agortu zituzten Euskal Herriko pailazo ospetsuenek, eta Gasteizko Iradier Arena beteta aurkeztuko dute Kuikui bere azken ikuskizuna. Txorien kantuei helduz, naturaren eta hizkuntzaren aldeko ikuskizuna eta liburua egin dute pailazoek, Miren Amurizaren ipuina oinarri. Irrimarrak egin ditu ilustrazioak eta barnean diskoa ere badoa, Xabier Zabalaren kantuekin.

Beste behin, pailazoek euskarari eutsi nahi izan diote, Aitorren eta Mariren hizkuntza zaharrari arnas bideak topatzeko asmoz. Pailazoek txoriak direla amestu zuten, eta munduari kuikui esan zioten. Batzuk kuku, besteek piui, kerrek... eta beleak kra! Pailazoek, ordea, kuikui esango dute, Marimototsek erakutsita. Izan ere, Marimototsek amalurra txoriek bezala ikusten eta begiratzen lagunduko die Pirritxi eta Porrotxi.

Ikuskizunean plastikoz betetako itsasoak ikusi ahal izango dira Txo Mikmak txikiaren, balearen eta urpean hegan dabilen pinguinoaren begietatik. Era berean, Tider migranteak Afrikatik Baionara iritsi nahiko du, baina Txilipitok debekatuko dio; gauez hegan egiten duen Ontzak lagunduta bere helburua lortzen saiatuko da. Ilargi baserritarra eta Margarita Oiloa ere ikusi ahal izango dira saltoka hegan ikuskizunean. Azken horrek koloretako arrautza berezia errungo du. Txitakolorea jaioko da, Kuikui, munduari kolorea eta adorea emango diona. Pailazoek ere kuikui txorrotxioa egingo diote munduari, euskaratik eta euskaraz, munduko txorrotxioen sinfonian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide