50 urteko gizon baten hilotza agertu da Puente Alton, baina ez da Jesus Bengoarena

Erredakzioa 2021ko abe. 16a, 13:11

Gasteizen desagertutako Jesus Bengoaren bila jarraitzen dute oraindik. / Arg: ERTZAINTZA

Larrialdi zerbitzuek astelehenean desagertutako Jesus Bengoa Diaz de Heredia 68 urteko gizonezkoaren bila jarraitzen dute, Zadorraren ibilguan. Bestalde, gorpu bat agertu da Errekaleor errekan, Puente Alto inguruan, baina Segurtasun Sailak gezurtatu du desagertutako gizonarena denik.

Ostegun honetako 10:55ak aldera, partikular batek 112 telefonora deitu du, jakinarazteko gorpu bat aurkitu duela Errekaleor errekaren ibilguan, Puente Alto parean (Gasteiz). Suhiltzaileak bertaratu dira, eta gizonezkoaren gorpua eremu seguru batera eraman dute: antza denez, 50 urteko gizonezko baten hilotza da, eta ez du indarkeria zantzurik.

Ertzaintzako ikertzaileek ziurtatu dute aurkikuntza horrek ez duela zerikusirik Jesus Bengoa Diaz de Heredia bilatzeko operatiboarekin.

Nolanahi ere, oraindik ofizialki baieztatu ez diren hipotesien artean, litekeena da hildakoa duela gutxi itxitako Puente Altoko aterpetxean ostatu jasotako pertsona bat edo inguruko poligono abandonatuetan bizi diren etxebizitzarik gabeko pertsonetako bat izatea.

 

Jesus Bengoa Diaz de Herediaren bila

Asteartean, 68 urteko bizilagun baten desagerpenaren berri izan zuten Eusko Jaurlaritzako larrialdi zerbitzuek, eta, oraingoz, bilaketa lanek jarraitzen dute. Asteazkenean, bilaketa Armentia, Zabalgana eta Berrostegietan egin zen, goizaldetik iluntzera arte, baina ez zuten emaitzarik lortu. Gaur, ostegunean, 9:30ean jarri dute martxan bilaketa dispositiboa, eta Zaintza eta Erreskate Unitateko urpekari taldearen laguntza izaten ari dira, Ihurre eta Gobeo artean Zadorra miatzeko.

Jesus Bengoa Diaz de Heredia 68 urteko gasteiztarra da, 170 zentimetroko altuera du, ile zuria eta bizarra ditu, eta, desagertu zenean —astelehenean— lumazko beroki urdin bat, kirol zapatilak eta North Face markako txapel urdin ilun bat zituen jantzita.

Eusko Jaurlaritzako larrialdiei aurre egiteko teknikari bat ari da parte hartzen ari diren bilaketa dispositiboa koordinatzen. Besteak beste, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko helikoptero bat, Gasteizko suhiltzaileak, Gurutze Gorria, DYA, Ertzaintzaren Txakurren Unitatea eta Euskadiko Salbamenduko Txakurren Taldea parte hartzen ari dira, baita Ertzaintzaren Herritarren Segurtasunerako baliabideak eta Gasteizko Udaltzaingoa ere.

Non dagoen jakin dezakeen edo beste edozein informazio duen edonor harremanetan jar daiteke larrialdietako zerbitzuekin, 112 telefono zenbakira deituz edo www.sosdesaparecidos.es webgunearen bitartez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago