Dantzaz jositako emanaldi berezi eta koloretsua Iradier Arenan

Erredakzioa 2021ko abe. 30a, 10:00
Ene Kantak taldeak dantzan jarriko ditu umeak Gasteizen. MAXIXATZEN

Ene Kantak taldearen abestirik dantzagarrienez eta ospetsuenez osatutako Dantzan haurrentzako ikuskizuna Gasteizko Iradier Arenara eramango dute.

Haurrentzako abestiak eta dantzak sortzea da Ene Kantak taldekoen helburua, beti euskaraz eta euskararentzat. "Gure haurren etxeetan zein bihotzetan euskara sentitzea eta maitatzea nahi dugu, eta zergatik ez? Euskaraz sentitzea eta maitatzea ere". Gabonetako oporretan Gasteizen izango dira, abenduaren 30ean hain zuzen, Iradier Arenan.

Ene Kantak osatzen dutenek, dantzagarriak, berriak eta haurrentzako egokiak diren abestiak sortzen dituzte. Batzuetan ere, abesti tradizionalak berritzen eta moldatzen dituzte. "Abesti bakoitzeko bideo bat dugu bere koreografia errazarekin, txikiek (eta ausartzen direnek) dantzatu ahal izateko". Haurren mundua ongi ezagutzen duten Urko Oskoz eta Nerea Urbizu irakasleak daude proiektu horren atzean. "Dagoeneko 6 disko kaleratu ditugu 10 urte hauetan, eta tartean gure abestiekin sortutako 3 ikuskizun".

Dantzan ikuskizun berezian, Ene Kantak-eko abestirik dantzagarrienak eta ospetsuenak eramaten dira oholtzara. Bertan, Nereak eta Enekok gidatuta. Abentura honetan, lagun batzuk agertuko zaizkie haiekin batera, dantzan aritzeko. Ordu batean, publikoak ez du tarterik izango deskansatzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide