LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deituta, Osakidetzako garbiketa azpikontratetako dozenaka langile "eskubideen murrizketaren aurrean" mobilizatu ziren atzo, Arabako Unibertsitate Ospitalean, aurreko asteetan Barakaldoko Gurutzetako ospitalean eta Donostia ospitalean egindako mobilizazioen ildo beretik.
Izan ere, gaur egun, beren lan baldintzak homologatuta dituzte, eta, horren arabera, azpikontratatutako garbitzaileek Osakidetzako langileen baldintza berdinak izan beharko lituzkete; hala ere, enpresek ez dizkiete onartu nahi 2015etik hona lortutako hobekuntzak.
Azaldu dutenez, hitzarmen berriaren negoziazioa 2018an hasi zen —"erraza izango zelakoan"—, eta negoziazio-mahaiak 38 bilera egin ditu dagoeneko, baina, euren ustez, "enpresen borondatea zein den argi geratu da: homologazioa kendu nahi diete langileei, eta homologazioa galtzeko arrisku larrian daude".
Lan baldintzak, soldatatik harago
"Osakidetzako langileekin homologatuta egoteak gai jakin batzuk akordio berrietara egokitzea baino ez baitzuen suposatu behar: 2012ko karrera profesionala, lanpostu hutsak betetzeko sistema zabalagoa eta bidezkoagoa, errelebo bidezko erretiroa, Osakidetzako langileentzat onartu berri dituzten baimen eta lizentziak, eta abar", azaldu dute sindikatuek. "Baina enpresek ez dute hitzarmena eduki minimoetan egokitu nahi izan; homologazioak ez du esan nahi soilik Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien soldata igoera berberak izatea. Homologazioa askoz gehiago da, osagarri berberak, lizentzia berak, lanaldiak luzatzeko aukera berberak, erretiratzeko erraztasun berberak eta abar izatea esan nahi du".
2015ean homologazio hitzarmen bat sinatu zuten, baina garai hartan homologazioak islatzen zituen baldintza horiek izoztuta utzi nahi dituztela deritzote sindikatuek. "Enpresak malgutasunik gabe azaldu dira, eta mahaia blokeatuta dute. Badirudi blokeo hori Osakidetzak berak babesten duela, eta ez du erantzun langileei egin dizkien bilera eskaerei. Homologazioa kendu nahi diete eta itxita daude ezer egokitzeko", salatu dute.