Gasteizko Udalak Pintore kaleko eraikin bat hustu duela ohartarazi dute bizilagunek

Erredakzioa 2021ko abe. 14a, 11:30

Udalak Pintore kaleko eraikin bat husteko agindua eman du astelehen honetan. / @AuzoanBizi

Auzoan Bizi sareak salatu duenez, Gasteizko Udalak egoera txarrean zegoen beste eraikin bat husteko agindua eman du Alde Zaharrean, bertako bizilagunak eta hainbat adingabe kalean utziz. Auzoan antzeko egoeran dauden etxebizitzak "ehunka" direla ohartarazi dute.

Astelehen honetan, hilaren 13an, Gasteizko Udalak egoera txarrean dagoen eraikin bat husteko agindua eman du, Alde Zaharreko Pintore kalean. Auzoan Bizi Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza sareak ohartarazi du hainbat bizilagun —horietako batzuk adingabeak— kalean geratuko direla negu betean, eraikina erortzeko arriskua dagoelako.

Azaldu dutenez, duela urte batzuk hustutako eraikina desjabetze espediente batean sartu zuen Udalak, eta egikaritze publikoko unitate bat programatu zuen eraikina bota eta etxebizitza berriak eraikitzeko. "Hala ere, beste behin ere, Udalak ez du bere plana bete, eta eraikina larriki hondatu da denboraren poderioz, esku hartzerik gabe", kritikatu du Auzoan Bizi sareak.

Etxebizitza premiaren aurrean, hainbat familiak eraikin horretako etxebizitza batzuk okupatu zituzten. "Pertsona horietako askok urteak daramatzate gizarte zerbitzuen jarraipena jasotzen; hala ere, ez dute inoiz bizitegi alternatiba duinik jaso, eta eraikin horretan egon behar izan dute, oso baldintza eskasetan", azaldu dute. "Udalak egoera hori ezagutzen zuen, eta Udaltzaingoaren bitartez husteko agindua helaraztea izan da bere esku hartze bakarra. Agindu hori 2017an sinatuta zegoen, eta duela egun batzuk jakinarazi zaie 48 ordu zituztela etxetik irteteko, inolako alternatibarik gabe".

Oinarrizko eskubideak

Gertatutako salatzearekin batera, Auzoan Bizi sareak gogor kritikatu du Udalaren jokabidea: "Haur eta nerabeei tratu ona ematearen aldeko kanpaina bat atera berri du eta kartelak gure kaleetan daude, honako leloarekin: Zure eskubidea, gure konpromisoa. Hala ere, Udalak ez ditu errespetatzen haur batzuen oinarrizko eskubideak".

Birgaitze Integralerako Plana "iruzurra" dela salatu eta auzoa "kondenatu" izana leporatu diete erakundeei, Alde Zaharrean egoera larrian dauden eraikinak "ehunka" direla ohartaraziz. "Argi geratu da erakundeak ez direla konponbidea, arazoaren zati garrantzitsua baizik. Baina Udalak, bere promesak bete nahi baditu, birgaitze plan erreal bat ezarri beharko luke, erdigunean bizilagunak jartzeko, eta ez kapitalaren interesak", gaineratu dute. "Izan ere, etxebizitzak gutxi batzuentzat negozio izaten jarraitzen duen bitartean, gehienentzat urratutako eskubidea izango da. Erakundeak sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkal horren konplizeak dira".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago