Urtearen hasiera, familian eta euskaraz

Erredakzioa 2021ko abe. 13a, 14:03

Oltxiak filma ikusi ahal izango da, besteak beste. ALEA

Urtarrileko lehen asterako film bat eta antzerki emanaldi bat programatu dituzte Oihaneder Euskararen Etxean, eta baita itzal txotxongilo tailer bat ere.

Gabonak "familia giroan eta euskaraz" bizi ahal izateko aukerak erraztu nahi dituzte Oihaneder Euskararen Etxeak eta Montehermoso Kulturuneak. Helburu hori buruan, urtarrilaren 2tik 5era bitartean, hiru ekitaldi mota eskainiko dituzte Gasteizen: ikus-entzunezkoa, antzerkia eta tailerra. Gabonetan Jai izena eman diote ekimenari, eta gaur goizean ireki dute horietan sartu ahal izateko gonbidapenen banaketa.

Ikus-entzunezkoen atalean, Oltxiak filma eskainiko dute. Hiru aukera egongo dira hori ikusteko: urtarrilaren 2an, 3an eta 5ean, 12:00etan.

Itzal txotxongilo tailerra egingo dute ere, Zurrunka Teatro konpainiaren eskutik; bi hitzordu egongo dira aukeran: urtarrilaren 3an eta 4an, 17:30ean. 6 eta 12 urte arteko ume eta gaztetxoei begira dago prestatuta tailer hori. 

Antzerkiari dagokionez, Patxi Zubizarretaren liburuan oinarritutako Korri, Kuru, korri! izeneko objektu antzerkia egingo dute. 4 eta 9 urte arteko umeei bideratuta, urtarrilaren 4an egingo dute, 11:00etan eta 12:30ean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!