Gasteizek abian jarri du 2022ko inauterietarako kartel lehiaketa

Erredakzioa 2021ko abe. 9a, 11:30

Gasteizko inauterien azken edizioa 2020an izan zen, pandemia iritsi aurretik. / ALEA

2022ko inauteriak iragartzeko kartela aukeratzeko lehiaketa martxan jarri du Gasteizko Udalak. Parte hartzeko epea urtarrilaren 9ra arte izango da zabalik, eta kartel irabazlearen egileak 1.500 euroko saria lortuko du.

Ia bi urte igaro dira Gasteizek azken inauteriak ospatu zituela. Dena ondo bidean —pandemiaren egoerak hobera egin beharko du—, datorren urtean ospakizuna itzuliko da Arabako hiriburuko kaleetara. Horretarako lehen urratsa eman du gaur Gasteizko Udalak, 2022ko inauteriak iragartzeko kartel lehiaketarako deialdia martxan jarri baitu.

Parte hartu nahi duten diseinatzaileek gaurtik hasita urtarrilaren 9ra bitartean izango dute aukera, eta proposamenak Landatxo gizarte etxean entregatu beharko dituzte. Egile bakoitzak bi lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez, eta originalak, argitaratu gabeak eta beste lehiaketa batzuetan saritu gabeak izan beharko dira.

Lanak aurkezteko epea amaitzen denean, kartel irabazlea bi fasetan aukeratuko da: lehen fasean, Arabako Diseinu Grafikoaren Profesionalen Elkarteak aukeratutako hiru adituk osatutako epaimahai tekniko batek lau kartel finalista hautatuko ditu; bigarren fasean, berriz, epaimahai nagusiak  kartel irabazlea aukeratuko du, proposatutako finalisten artetik.

Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Kultura Zerbitzuko Kultur Ekintzen Ataleko arduraduna, Komunikazio eta Informazio Bulegoko diseinu-teknikari bat, Gasteizko Arte eta Diseinuko goi mailako Eskola, Arte eta Lanbide Eskola, eta Ekialdea BHI (Arte Batxilergoa). Ikastetxeek partaidetza-prozesu baten bidez emango dute botoa.

Kartel irabazlearen egileak 1.500 euroko saria lortuko du, eta kartel finalista bakoitzak 250 euro jasoko ditu. Kartel irabazlea eta finalistak urtarrilaren amaieran jakinaraziko dituzte.

"Pandemiagatik bertan behera utzi behar izan genituenez aurten, datozen inauteriak oso bereziak izango dira, eta irudirik onena bilatzen ari gara. Artisten sormena behar dugu hori lortzeko", adierazi du Estibaliz Canto Kultura zinegotziak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide