Hiru atxilotu Gasteizko udaltzainei eraso egitea egotzita

Erredakzioa 2021ko abe. 7a, 17:30
Udaltzaingoaren patruila bat, Gasteizko erdialdean. / GASTEIZKO UDALA

Udaltzaingoak zortzi pertsona atxilotu ditu asteburuan zehar: horietako hiru udaltzainei eraso egitea egotzita; beste bosten kasuan, etxeko indarkeria, lapurreta, erasoa, babes-agindua haustea eta espetxeratzeko errekisitoria urratzea leporatuta, hurrenez hurren.

Gasteizko Udaltzaingoak hiru pertsona atxilotu zituen igandean. Lehenengo atxilotua 40 urteko gizonezko bat izan zen, partikular bati eraso egitearen eta agintaritza agenteen aurkako atentatuaren delituen ustezko egilea izatea egotzita. Ustez, Barnekale Berriko lokal batean hainbat laguni eraso egin zien, altzarietan kalteak eragin ostean. Udaltzainak bertaratu zirenean, gizonezkoak eraso egin zion horietako bati, eta, ondorioz, atxilotu egin zuten. Handik ordu batzuetara jarri zuten epailearen esku.

Bestalde, 35 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten, autoritate agenteen aurkako atentatua eta lesioak eragitea egotzita. 092ra egindako dei batek Salburua auzoko etxebizitza batera Polizia joateko eskatu zuen, eztabaida handia zegoelako. Hainbat lekukoren arabera, etxebizitzako altzariak hondatu eta bertan zeuden lagunei eraso egin zien gizonezkoak. Udaltzaingoa agertu zenean, ustezko erasotzaileak identifikatzeari uko egin zion, eta, gainera, bi udaltzainei eraso egin zien, lesioak eraginez. Ondorioz, atxilotu eta epailearen aurrera eraman zuten.

Atxilotutako hirugarren gizonezkoa 19 urteko gazte bat izan zen, indarkeria erabilita egindako lapurreta eta agintaritza agenteen aurkako atentatua delituen ustezko egilea izateagatik. Florida kaleko establezimendu batean poltsa lapurtu ziotela esanez emakume batek jarritako salaketaren ostean atxilotu zuten. Udaltzaingoa iristean, korrika atera zen eta hainbat pertsona bere atzetik abiatu ziren; ingurua zaintzen ari zen patruila batek ustezko lapurra harrapatu zuen, atzetik segika zituenengandik babestuz. Gazteak udaltzainetako bati eraso egin zion eta, azkenean, atxilotu egin zuten.

Beste bost atxiloketa

Asteburu eta zubi mugitua izan dute Gasteizko udaltzainek. Izan ere, aipatutako hiru atxiloketa horiez gain, gutxienez beste bost atxiloketa egin dituzte, etxeko indarkeria, lapurreta, erasoa, babes-agindua haustea eta espetxeratzeko errekisitoria urratzea leporatuta.

Ostiralean, 36 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, atxilotzeko eta espetxeratzeko errekisitoria bete gabe zuelako. Txalaparta kalean identifikatu zuten, inguruko taberna batean istiluak eragin ostean.

Larunbatak beste hiru atxiloketa utzi zituen. Lehenengo atxilotua 29 urteko gizonezko bat izan zen, Koroatzearen kalean indarkeria erabilita egindako lapurreta delituaren ustezko egilea zelakoan. Ustez, beste gizonezko bati bultza egin zion 50 euroko billete bat lapurtzeko; hainbat lagun bere atzetik abiatu ziren eta Molinuevo parkean atxikitzea lortu zuten, Poliziaren patruila iritsi zen arte.

Bigarren atxilotua 44 urteko gizonezko bat izan zen, genero indarkeriarekin lotutako babes-agindua hausteagatik. Gizonezkoa bere bikote ohiaren etxebizitzan topatu zuten, eta, beraz, agindu judiziala hausteagatik eraman zuten atxilo.

Hirugarrenik, 53 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean, lesio larrien delituaren ustezko egilea zelakoan. Antza denez, Arriagako Ateko establezimendu batean eztabaidan eta borrokan hasi zen beste bezero batekin. Iskanbila kalean amaitu zen, eta, iritsi zirenean, biktimak aurpegian zauriak zituela ikusi zuten udaltzainek. Anbulantzia batek artatu zuen, eta ustezko erasotzailea atxilotuta eraman zuten.

Azkenik, astelehenean, 25 urteko emakumezko bat atxilotu zuen Udaltzaingoak, bikotekide ohiari eragindako eraso delituaren ustezko egilea zelakoan. Lekukoen arabera, Zalburu kalean izandako eztabaida baten erdian, emakumeak eraso egin zion bikotekide ohiari. Atxilotua gaur geratu da epailearen esku.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide