Pandemiaren ondorioz, hainbat aldaketa izan ditu dagoeneko La Polla Records talde aguraindarrak 40. urteurreneko biraren barruan Gasteizen eskaini beharreko kontzertuak. Hasieran, 2020ko ekainaren 13an Mendizabalan egitekoa zen kontzertua atzeratu eta data berria iragarri zuten: 2021eko ekainaren 26a.
Ia urtebeteko isiltasunaren ostean, eta ustezko data berrirako bi aste falta zirenean, kontzerturako sarrerak zituzten lagunek antolatzaileen email bat jaso zuten ekainaren 10ean: data berria 2021eko abenduaren 18a zen. Edukiera handiko ekitaldiak egiteari buruzko araudia zein izango zen jakin bitartean, Last Tour isilik egon da azken hilabeteetan. Ondoren, urriaren 29an, antolatzaileek beste iragarpen bat egin zuten, kontzerturako bi data eta lekua zehaztuz: abenduaren 17an (ostirala) eta 18an (larunbata), Iradier Arenan.
Gaur bertan, data mantendu eta behin betiko lekua iragarri dute —betiere LABIk gaur hartuko dituen neurriek ekitaldia baldintzatzen ez badute—: azkenean, Buesa Arenan izango da kontzertua, "arrazoi teknikoak" direla eta.
La Polla Recordsekin batera honako talde hauek arituko dira: El Drogas, Lendakaris Muertos, Kaotiko eta Cerveza Suicida.
Antolatzaileek mezuan azaldu dutenez, erositako sarrera guztiek hitzordu berrirako balio dute. Gasteizko kontzertuaren ostean, azken emanaldi bat programatuta dute: abenduaren 30ean Madrilen, Wizink Center aretoan.
La Polla Recordsen agurra
Hamasei urtez jarduerarik gabe egon ondoren, La Polla Records berriro elkartu zen 2019an, Ni descanso ni paz izeneko disko berria argitaratu eta mundu osoan zehar hainbat kontzertu jendetsu eskaintzeko: besteak beste, Valentzia, Madril, Bilbo, Bartzelona, Buenos Aires, Lima, Santiago (Txile) eta Montevideon izan dira azken urte hauetan. Gasteizko kontzertua ikusmin handiena piztu duen kontzertuetako bat da, Araba taldearen sorterria delako eta taldearen agurra izango delako.