TAOaren ordenantza aldatuko du Udalak, Judimendira eta hegoaldera zabaltzeko

Erredakzioa 2021ko abe. 3a, 17:01

Hegoaldeko auzoetara zabalduko da TAOa. ALEA

Judimendi, Adurtza eta San Kristobal auzoetan TAOa izango duten kale zehatzak jasoko dira ordenantza berrian.

"Egoiliarrei aparkalekua bermatu nahi diegu, eta, aldi berean, ibilgailu pribatua erabiltzeko gogoa apaldu, beste bide jasangarriago batzuez egin daitezkeen joan-etorrietarako. Muga-efektua antzeman dugu hiriko zona horietan. Hau da, Gasteizko beste zona batzuetatik etorritako inbasio moduko bat, erdialdera hurbildu eta Judimendi, Adurtza edo San Kristobalen aparkatzen duten ibilgailuena", azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Eragindako auzoetako bizilagunek maiz eskatu dute TAOa bi zona horietara zabaltzeko, eta hala erabaki zen auzoguneetan. "Ahalik eta adostasunik handiena lortu nahi genuen, eta esku hartuko dugun zonak ongien ezagutzen dituztenekin elkarlanean aritu gara", gehitu du alkateak.

Iragarri bezala, hurrengo ekitaldian zabalduko da TAOa, bai Judimendira, bai hegoaldeko Adurtza eta San Kristobal auzoetara. Aparkaleku berri gehienak egoiliarrentzat izango dira, berdeak. Horrelako aparkalekuetan, denbora-mugarik gabe aparka dezakete eremuko txartela duten egoiliar eta merkatariek. Baina, horretaz gain, beste ibilgailu batzuk ere aparka daitezke tiketa jarrita, ordu eta erdiko denbora-mugaren barruan. Udalak, dena den, plaza urdinen ehuneko txiki bat (auzoko jarduera ekonomikoari zerbitzu emateko) eta egoiliarrentzako esklusiboa den beste bat sortzea ere planteatu du.

Neurri hori ezartzearekin batera, modernizatu egingo da TAOa, ordaintzeko eta kontrolatzeko sistema berri eraginkorragoak baliatuko baitira. Sistema berria digitalizatzeko kontratazio-oinarriak zehazten ari da dagoeneko Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saila.

Aplikazioa

TAO txartelaren eremua zabaltzea, halaber, aukera bat da ordaintzeko beste modu batzuk sustatzeko. Ildo horretatik, Trafiko Zerbitzuak inoiz baino areago gomendatzen du 2019an abian jarritako telefono mugikorretarako Telpark aplikazioa erabiltzea. Parkimetroa ukitu gabe ordaintzeko aukera ematen du tresna horrek, txanponik erabili gabe, txartela hartu beharrik gabe, eta, gainera, ibilgailua aparkatuta egon den denbora bakarrik ordaintzekoa. Erabiltzaileen % 27k erabiltzen dute jada aplikazioa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago