Etxegabetzeek jarraitzen dute, teorikoki alde baterako atzeratzen dituen Espainiako Gobernuaren moratoria indarrean dagoen arren. Izan ere, etxea galtzeko zorian dauden pertsonen kasuak "etengabe" iristen ari dira Gasteizko Etxebizitza Sindikatura.
"Gobernuaren eta sozialdemokraziaren propaganda mediatikoa izugarria izan da", ohartarazi du sindikatuak. "Gaur egungo moratoria lehenengoa izan zenaren itzala baino ez da, eta egunez egun etxegabetzeak gauzatzen direla ikusten dugu: dekretuak jasotzen ez dituen kasuak direlako".
Testuinguru horretan, abenduan zehar beren etxebizitzetatik kanporatuak izateko "arrisku larrian" dauden 23 pertsonaren berri izan du Etxebizitza Sindikatuak.
Horietatik, bost familia Arriagako Atean, Alokabideren zuzkidura-bizitokietan bizi dira. "Pisu nano hauek zuzkidura-bizitokitzat hartzen dira, hau da, ez etxebizitzak, baizik eta Hiri Errentamenduen Legearen (HEL) bidez errentan har ezin daitezkeen ekipamendu publikoak, baliabide gutxiko familiei zuzenduak", azaldu du sindikatuak. Horren ondorioz, bost urte igaro ondoren, maizterrei etxebizitza horietan jarraitzea galarazi egin die Alokabidek, eta handik bota nahi ditu; sindikatuaren hitzetan, "bitartekotzarik gabe eta inolako bizitoki-alternatibarik gabe".
Bestalde, etxegabetze arriskuan dauden beste hamasei pertsona daude Alde Zaharreko Barrenkale kaleko ostatu pribatu batean. Hainbat hilabetez logelak alokatu dituzte bertan —Gizarte Zerbitzuek gomendatuta—, baina, alokairu erregular bihurtu beharrean, kontratuak hilero berritzen dira. Orain, jabeak, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, establezimendua hustu egin behar du, instalazioek ez omen dutelako legezko ostatu-negozioa izateko araudia betetzen. Horren ondorioz, hamasei maizterrak kalera joan beharko dira: "Ia ez dute berme legalik, legearen arabera haien etxebizitzak ez direlako ohiko etxebizitzak", ohartarazi du Etxebizitza Sindikatuak.
Sindikatuak azaldu duenez, abenduaren 1ean —hau da, atzo— beste etxebizitzarik lortu eta logeletatik irteten ez badira, jabeak kontratuaren klausula penalak baliatu ahal izango ditu: besteak beste, eguneko 50 euroko zigorra, lehen egunetik aurrera. "Beraz, abenduaren 1ean bizitokia husten ez duenak zor handia izango du", salatu dute. Gainera, jabeak ur eta argi hornidura moztearekin mehatxu egin die. "Etxebizitzak egoera onean daude, bizitzeko leku aproposa dira, baina hor bizi diren pertsonek kalera joan behar dute, ezin zaielako araudiaren arabera kobratu hor bizitzeagatik. Erridikulua!", deitoratu dute sindikatuko kideek.
Negoziaziorako deia
Bi egoera horien aurrean, Etxebizitza Sindikatuak negoziatzeko eta irtenbideak bilatzeko eskaera luzatu die Alokabideri eta Gasteizko Udalari, bi kasuen arduradunak baitira:
- Alokabideren kasuan: zuzkidura-bizitokien etxegabetzeak "berehala" etetea, "bizitoki alternatiba negoziatu bat aurkitu arte". Horrekin batera, Alokabideri sindikatuarekin negoziazio bat ireki dezan eskatu diote, "kaltetutako pertsonen interesen ordezkari gisa eta irtenbide erreal eta iraunkorrak bilatzeko".
- Barrenkale kaleko ostatuari dagokionez: Gasteizko Udalari exijitu diote pertsona horiek beren etxeetan egon ahal izatea, "bizileku irtenbide negoziaturik ez dagoen bitartean, ondorio penalen edo hornidura mozketen beldurrik gabe". Hala ere, batez ere ostatuaren jabeari zuzendu dizkiote eskakizunak: "Dozenaka familia ostatu-kontratu oso prekariopean eduki ditu, hori baitzen, hain zuzen ere, bere helburua; maizterrek ahalik eta berme gutxien izatea, are gehiago aberasteko. Zure negozioak ostatu bat izateko baldintzak betetzen ez baditu, alokatu itzazu etxebizitzak alokairu-kontratu erregularren pean". Jabeak establezimendua ixtea erabakitzen badu, sindikatuak ohartarazi du publikoki adieraziko duela "bera dela jendea kalean uztearen arduraduna".
"Antolakuntza komunista"
"Etxegabetze horiek isilean egingo lirateke maizterrek Etxebizitza Sindikatuarekin antolatzea erabaki izan ez balute", azpimarratu dute prentsaurrekoan. "Horrek bi gauza erakusten dizkigu: Ezkutu Sozialaren benetako funtzioa etxebizitzaren arloan langile klasearen bizi baldintzen aurkako eraso burgesa ezkutatzea dela, eta, bigarrenik, klase independentzian oinarritutako posizio batetik mobilizatzea, pobretze testuinguru batean proletarioen interesak bermatzeko modu bakarra dela".
"Alderdi sozialdemokratak Ezkutu Sozialaren neurrien konplize dira, eta burgesiaren ofentsiban are gehiago sakontzen duten hainbat erreforma onartu dituzte: gure etxeetatik botako gaituzten poliziei soldata igo diete, etxebizitza hutsen aurkako legea sustatu dute, Etxebizitzaren Lege berriari ia baldintzarik gabeko babesa eman diote eta abar. Ezinbestekoa zaigu politika anti-proletario horietatik kanpo eta kontra antolatzea", aldarrikatu dute.
"Gure bizi-baldintzen aurkako ofentsiba burgesaren aurrean, alternatiba bakarra antolakuntza komunista artikulatzea eta hedatzea da. Ezer ez da ezinezkoa, dena antolatzen da!", gaineratu dute.