Euskararen Eguna

Gasteiz Antzokiaren atzera kontaketa

Erredakzioa 2021ko abe. 3a, 06:00

Errementari kaletik zein Zapatari kaletik izango du sarbidea Antzoki berriak. / LAZARRAGA K.E.

Ruiz de Bergara jauregiko lanek aurrera jarraitzen dute, eta urtebeteren buruan ateak zabaltzeko prest izango dela aurreikusten da. Halere, proiektuak baditu oraindik argitu beharreko zenbait kezka.

Urteetan landu eta mamitutako Gasteiz Antzokiaren proiektua forma hartzen doa azken hilabeteotan. Erromesaldi ankerra egin ostean, Ruiz de Bergara jauregian aurkitu zuen kokagunea, eta gaur egun eraikinaren erraiak josteko lanetan ari dira obra lanetan diharduten gremioak.

Itxuraz, aurreikuspen guztiak betetzen ari dira, eta, ondo bidean, datorren urte bukaeran hiriko euskalgintza eta kultura batuko dituen etxeak herritarrei ateak parez pare zabaltzeko aukera izango du.

Albiste pozgarria, ezbairik gabe; amestutako proiektua itxura hartzen ari da pixkanaka. Baina, obra lanak gertutik bizi izan dituen edonork ondo dakien bezala, buruhausteak bidelagun izaten dituzte tankera honetako proiektuek. Eta, oraingoan ere, badira hasiera bateko planak berrasmatzera behartuko duten zenbait ñabardura.

Ikuskizun-areto funtzioa ezinbesteko izango du Ruiz de Bergara jauregiak, kultur erakusleiho izan nahi badu, eta zentzu horretan arkitektura irizpideekin talka egiteko arriskua ere badu eraikinak.

Ezbai nagusia eraikinean aldez aurretik eginiko zaharberritzean jarritako zutabeek ikusleen gunea baldintzatuko ote duten argitzea izango da.

Bestetik, proiektuaren bigarren hanka, ostalaritzari dagokiona, ezinbestekotzat jotzen dute sustatzaileek. Gaur gaurkoz, udal ordenantzarekin topo egin du proposamenak, eta irtenbide egoki bat bilatzeko lana hartu beharko du Gasteizko Udalak.

Hirugarrenez, euskalgintzako eragile ezberdinentzako lan-leku izatea du helburu antzokiak eta, espazioak mugatuta, honetan ere hankamotz geratzeko arriskua du proiektuak.

Oztopoak oztopo, Antzokiaren izaera, finantzaketa eredua eta kudeaketa proposamena forma hartzen doaz pixkanaka. Lanik delikatuenak izanik, alde ezberdinen arteko lankidetza eta akordioa bide onetik joateak izango du beste edozein harri koxkorrek duena baino garrantzia gehiago.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago