Gasteiz Hobetuz

Herritarren hamalau ideia aukeratu ditu Udalak hiria hobetzeko

Erredakzioa 2021ko abe. 2a, 11:00

Europa jauregian egindako ekitaldian jakinarazi dituzte proiektu irabazleak. / GASTEIZKO UDALA

Gasteiz Hobetuz programaren barruan, herritarrek hiria hobetzeko proposatutako hamalau ideia gauzatuko ditu Udalak 2022 eta 2023 urteetan. Bozkatuena Odon de Apraiz ikastolako patioa Zaramaga auzorako espazio bihurtzeko proiektua izan da.

Asteazken honetan, Europa Biltzar Jauregian egindako ekitaldi batean, Udalak jakitera eman du Gasteiz Hobetuz partaidetza programaren hirugarren edizioan boto gehien jaso dituzten proiektuak. Azken asteetan, 16 urtetik gorako 7.786 lagunek 23.000 boto baino gehiago eman dituzte —pertsona bat, hiru boto—, herritarrek proposatutako 128 ideien artean aukeratzeko; guztira 315 proposamen aurkeztu ziren, baina bideragarritasun teknikoaren iragazkia egin eta horietako batzuk bateratu zituzten.

Horren arabera, lehentasun hurrenkera ezarri dute herritarrek, eta prozesuaren antolatzaileek hainbat balio sendotzeko proposamenak bultzatu ditu: genero berdintasuna, belaunaldien arteko elkarbizitza, kultura aniztasuna eta aniztasun funtzionala, ingurumenaren babesa, arrakala digitala gainditzea eta kolektibo kaltetuenen gizarte inklusioa, besteak beste.

Hiru edizioetako partaidetza errekorra hautsita, Udaleko Herritarren Partaidetzaren eta Gardentasunaren Sailak herritarren hamalau ideia aukeratu ditu, udal gobernuak 2022 eta 2023. urteetan zehar gauzatu ditzan. Horretarako, hiru milioi euroko aurrekontua erreserbatu du Udalak.

"Gasteizentzat benetako arrakasta da partaidetza prozesu batek halako babesa jasotzea, eta horretatik proiektu zerrenda bat ateratzea, hainbat auzotan adin guztietako pertsonen bizitzak hobetzera zuzendutako proiektuen zerrenda bat, hainbat premia eta interesi erantzuten diena", nabarmendu du Borja Rodriguez zinegotziak.

Hamalau proiektu

Guztira, hamalau ideia aukeratu eta horien inguruko proiektuak gauzatu nahi ditu Udalak. Horiek guztiak bi kategoriatan banatu dituzte: alde batetik, bide publikoarekin lotutako jarduera eta inbertsioak; bestetik, bestelako programa edo inbertsioak. Honako hauek dira aukeratutako proiektuak, lortutako botoen hurrenkeran eta puntuazioaren arabera ordenatuta:

BIDE PUBLIKOA

  • Borinbizkarreko jolas-parkea (613 boto): aisialdirako hainbat espazio, sektorearen erdiko parkean. Espazio askoz ere irisgarriagoa sortu, kontuan harturik genero-aniztasuna, belaunaldiak, iraunkortasuna eta kultura-aniztasuna eta funtzionala.
  • Zabalparkeak (701 boto): aisialdi inklusiboko espazioak: aisialdi-espazio inklusiboen korridore bat, Zabalganetik Mariturriraino, dibertsitate funtzionala ez dadin eragozpena izan, eta auzoko haur eta gazteek baliatzerik izan dezaten.

BESTE PROGRAMA ETA INBERTSIOAK

  • Animaliak Babesteko Zentroan txakurren egonlekuetan berokuntza-sistema bat instalatzea (765 boto): egungo txakurrentzako egonlekuetan berokuntza-sistema bat jartzea.
  • Ni ere mugitzen naiz (378 boto): Zabalganeko institutuko ikasleek proposatutako ideia, produktu lokalen eta kultura-produktuen azoka ibiltari bat sortzeko, tartean direlarik merkataritza lokala eta Zabalgana eta Ariznabarreko zona batzuetako eta besteetako bizilagunak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago