Gasteizko Etxezarra eraikina prestatu dute, dagoeneko egokitzapen lanak egiten ari dira, eta langile bat kontratatzeko deialdia kaleratu dute Euskaltzaindiako arduradunek, egoitza berria urtarriletik aurrera martxan jartzeko. Gasteizko Udalak 25 urtetarako laga dio eraikina Euskaltzaindiari, eta aurrerantzean Arabako ordezkaritzaren egoitza izango da espazio hori.
Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzainak nabarmendu duenez, euskarak espazio berri bat irabazi du Arabako hiriburuan. "Batzera gatoz. Etxezarrako eraikina beste espazio bat da, euskararen sustapenerako. Ez da bakarra. Erakundeekin eta euskararen eta euskal kulturaren eremuan ari direnekin elkarlanean aritu nahi dugu", nabarmendu du. Euskararen ikerkuntzan sakontzeko ere erabiliko dute azpiegitura berria.
Orain arte Euskaltzaindiak Gasteizko apaiztegian izan du egoitza nagusia, baina Gaztelako Atean kokatutako espazio berria egokiagoa dela uste du Gonzalez de Viñasprek, euskararen akademiak dituen funtzioei begira. "Gasteizko Udalarekin batera denbora luze egon gara kokapen desberdinak aztertzen; beste aukera batzuk egon dira mahai gainean, baina azkenean Etxezarrako egoitzan gertutasuna eta ikusgaitasuna irabaziko ditugu, gizartetik hurbilago izango gara, eta Euskaltzaindiak egin nahi duen lanari begira ondo egokitzen den espazioa da".
Etorkizuneko jarduerei buruz zehaztasun gutxi eman ditu euskaltzain arabarrak, izan ere oraindik programa osatzen ari dira. "Barne mailan, Onomastika Batzordearen lehen bilera egingo dugu Gasteizen abenduan, eta asmoa dugu ere mintegiak, jardunaldiak eta bestelako ekimenak antolatzeko, baina oraindik zehaztu gabe dago hurrengo urtera begirako programa". Hala ere, espazio "bizia" nahi dutela azpimarratu du Gonzalez de Viñasprek, ez bulego soil bat.
Lagapena
Euskaltzaindiak eskuratu duen espazioak 340 metro koadro erabilgarri ditu goiko solairuan (behealdean jatetxea dago), baina jada egokituta dago. Hala, espazio berriak gune bat izango du ikastaro, hitzaldi edo liburu-aurkezpenak egiteko; beste bat osoko bilkurak edo bestelako batzarrak egiteko; Akademiaren proiektuak bideratzeko leku bat ere izango da; kontsultak egiteko mediateka txiki bat eta, azkenik, Gonzalez de Viñaspre Arabako ordezkariaren bulegoa.