"Madrilen posible ez dena Euskal Herrian egingarri egitea" aldarrikatzeko, Bizitza duinerako, burujabetza lelopean, mobilizazio eguna antolatu dute asteazken honetan, abenduaren 1ean, ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek, gizarte eragileekin batera.
Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde, pentsioen erreformaren kontra, eta horretarako burujabetzaren beharra aldarrikatzeko mobilizazioak goizean eta arratsaldean egin dira; 11:00etan hiriburuetan —Gasteizen, Probintzia plazatik—, eta 19:00etan hiriburu, herri eta auzoetan. Arabaren kasuan, mobilizazioak izan dira Gasteizen, Aiaraldean eta Agurainen.
"Garrantzi handiko unea bizi dugu. Europar funtsak Damoklesen ezpata bilakatzen ari dira, eta hori ezin dugu inola ere onartu", adierazi dute sindikatuek, adierazpen bateratu batean. Horren aurrean, "gutxi batzuen botere gosearen gainetik, pertsona guztien bizitzak, gure herriaren eta planeta beraren biziraupena erdigunean jarriko dituzten neurri politikoak" aldarrikatu dituzte, "norabide aldaketa sakona" eskatuz.
ARGAZKIAK: ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuak / BIDEOA: LAB sindikatua