Gabonak

Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoen desfileak Gasteizera itzuliko dira

Erredakzioa 2021ko aza. 29a, 12:30

Olentzero eta Mari Domingik kalean agurtuko dituzte Gasteizko haur eta familiak. / ALEA

Gasteizko Udalak Gabonetako kultur programazioa berreskuratuko du aurten. Besteak beste, Olentzero eta Mari Domingiren eta Errege Magoen desfileak itzuliko dira, eta Haur Ikuskizunen XVIII. Erakustaldia egingo da Iradier Arenan.

Urte amaiera gertu dago, eta Hezkuntza eta Kultura sailak Gabonetarako kultur programazioa aurkeztu du, pandemiak iaz eragindako etenaldiaren ostean ekitaldi garrantzitsuenetako batzuk berreskuratuz: Olentzero eta Erregeen desfileak, musika kalean, eta jardueraz beteriko agenda publiko ororentzat, bereziki txikienentzat.

Nolanahi ere, Estibaliz Canto zinegotziak azaldu duenez, ekitaldi guztiak egoera epidemiologikoaren bilakaeraren mende daude, eta Udala osasun agintariekin harremanetan dago, unean-unean zehaztutako neurriak hartzeko. Beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartuko dira ekitaldi guztietan, eta zinegotziak zuhurtzia eskatu du, Covid-19aren kutsadurak geldiarazteko: "Ilusioz betetako garaia da, baina baita erantzukizunez jokatzeko garaia ere. Beraz, Gabonez goza dezagun, baina burua galdu gabe", eskatu du.

Gabonetako lehen jarduera Floridako jaiotzaren inaugurazioa izango da, abenduaren 3an, 16:00etan Florida parkean. Urtarrilaren 6ra arte bisitatu ahal izango da, eta aurten ere Olentzero eta Mari Domingiren etxera hurbildu ahal izango dira haurrak —10:00etatik 21:00etara—, beren gutunak uzteko.

Gabonetako programaziorako irudia. / GASTEIZKO UDALA

 

Desfileak bueltan

Abenduaren 24an, Olentzero eta Mari Domingi Gasteizera iritsiko dira, zenbait galtzagorri eta 400 bat lagunekin batera, ume guztien artean opariak banatzera. 10:00etatik 15:00etara bitartean hartuko dituzte haurrak, Plaza Berrian, udaletxean. Ondoren, 18:00etan Iparralde gizarte etxetik aterako da desfilea; ibilbidea Legutioko Atea, Frantzia, Bakea eta Olagibel kaleetatik igaroko da, Gernikako Estatutuaren kalearekiko bidegurutzean amaitzeko. 19:00etan agurra egingo dute udaletxeko balkoi nagusitik.

Bestalde, Errege Magoak urtarrilaren 5eko 11:00etan helduko dira Gasteizko tren geltokira, eta 11:20ak aldera udaletxeko balkoi nagusira irtengo dira agur egitera. Ondoren, haurrei harrera egingo diete Goiuri Jauregian, 12:15etik 18:00etara. 300 bat pertsonak osatutako desfilea 19:00etan abiatuko da; Bilbo plazatik hasita, Frantzia, Bakea, Ortiz de Zarate, Florida, Ramon y Cajal, Micaela Portilla eta Lascaray kaleetatik igaro eta Gasteiz hiribidearen eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearen arteko bidegurutzean amaituko da.

Ikuskizunak

Aurten itzuliko diren desfileez gain, ekitaldi ugari antolatu ditu Gasteizko Udalak, besteak beste, kaleko musika berreskuratuz: abenduaren 23tik urtarrilaren 4ra bitartean, 21 kontzertu eskainiko dituzte Arabako Abesbatzen Elkarteko kideek; eta abenduaren 23tik urtarrilaren 5era, hamar fanfarre eta txistulari zein gaita-jotzaileen hiru talde oinezkoen alderditik arituko dira.

Bere aldetik, Haur Ikuskizunen Erakustaldia lekuz aldatuko da. Lehen aldiz, Mendizorrotzeko kiroldegitik atera eta Iradier Arenan egingo da, edukiera eta erosotasun handiagoa eskaintzen duelako, milaka haur hartzeko. Lau ikuskizun eta guztira sei emanaldi eskainiko dituzte bertan: abenduaren 26an, Gasteizko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren Botxintxak ere dantzan ikuskizuna; hilaren 27an, Tortell Poltrona konpainiaren ¡Qué bestia! pailazo ikuskizuna; 29an, Indigo Jazz taldearen El pequeño país del swing ikuskizuna; 30ean, Ene Kantak-en Dantzan ikuskizuna, Erraldoien Konpartsaren parte hartzearekin.

Ikuskizun guztien sarrerak abenduaren 9ko 9:00etatik aurrera jarriko dira salgai, Udalaren webgunean.

Azkenik, Butaka Txikia programak haurrentzako zortzi ikuskizun eskainiko ditu hiriko gizarte etxeetako antzoki eta aretoetan, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean. Kasu honetan, sarrerak abenduaren 11ko 10:00etatik aurrera erosi ahal izango dira, gizarte etxe edo kirol instalazioetan —pilotalekuetan izan ezik—, baita internetez ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago